Herritarren errentara egokitutako hobari politika, ordenantza fiskalen berritasun garrantzitsuena
Ordenantza fiskaletan %1,5eko igoera proposatu du gobernu taldeak, salbuespen eta hobariekin. Beharrezkoa jo du zerga bilketa, politika publiko sendoak bermatzeko.
2022. urterako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du gaur gobernu taldeak. Aizpea Otaegi alkateak eman du horien gaineko berri, Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun zinegotziak eta Maite Gartzia Elkarrekin Errenteriako bozeramaileak lagunduta. Urriko ohiko osoko bilkuran aztertuko dute gaia, alegaziorako epea zabalduko da ondoren, eta hori amaituta behin betiko onarpena egingo dute.
Proposamena komunikabideen aurrean azaldu baino lehen oposizioko alderdiekin partekatu duela gobernu taldeak azaldu du Otaegik, eta proposamenaren oinarriak aletu ditu. Pandemia testuinguruan kokatu ditu, “errealitate horretara egokitutako KPIaren azpitik dagoen 1,5 euroko igoera planteatzen ari gara. %3 eta %4ari buruz hitz egiten ari dira, baina ulertzen dugu %1,5etik gorako guztia egoera atipikoa deitzen dena da, eta horregatik gure igoera proposamena %1,5ean kokatzea”.
Igoera hori ezinbestekoa jo du politika publiko sendoak eduki ahal izateko Otaegik, “ezinbestekoa da zergak eta fiskalitate bat edukitzea, udalak zergak biltzea, baina beti ere, oso kontuan hartuta daukagun errealitatea”. Sinistuta azaldu da, euren proposamenak errealitate hori aintzat hartu duela.
Planteatutako %1,5eko igoera orokorra da, baina salbuespenak daude eta izoztea eta hobariak planteatu ditu gobernu taldeak bere proposamenean. Hala, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan aprobetxamendu termiko edo elektrikoen gaineko hobaria zehaztu eta egokitzea proposatu du, eta %95eko hobaria aurreikusi du landa eremuko ondasunetan, titularrak baserri kooperatibak direnean.
Salbuespena ere, JEZ Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan. Herriaren zonifikazioa martxan jarri eta gune industrial gisa identifikatutako gunetako tasa %1etik %1,20ra igotzea proposatu dute. “Horrekin, industriari %1,2ko zerga aplikatu nahi diogu eta nolabait hiriaren barruan leudeken jarduera ekonomikoei ez litzaieke igoera hori ez zaie egokituko”. Hori bai, aurreko urtean, jarduera ekonomikoa negatiboan amaitu duten jarduerek %50eko hobaria jasoko dute, eta gainera, lan kontratu mugagabeak egiteagatik eskaintzen diren hobariak handitzea emakumeak, gazteak eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsonak kontratatzeagatik. Lan kontratua mugagabea duten langileen kopurua handitzen duten jarduera ekonomikoek %10eko hobaria jasoko dute kontratu mugagabe horien kopurua %0,1etik %5era artean handitzen bada, eta bost puntu handiagoa izango da hobaria kontratu mugagabe horien %60a emakumeentzat bada; berdin gertatuko da gazteen eta lan merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten kolektiboak badira kontratatuak.
Lopez de Etxezarretak zonifikazioaren gainean azalpena eman du: “Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga milioi bat eurotik gorako fakturazioa duten enpresek”.
Kontratatu mugagabeen kopurua %5,01 eta %10 artean handitzen bada, %20koa izango da hobaria. Emakumeak kontratatutako %60 edo gehiago badira %25ekoa da hobaria; berdin gertatuko da gazteen eta lan merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten kolektiboak badira kontratatuak, Kontratu modalitate mugagabea %15,01 eta %230 artean handitzen bada, %40koa izango da hobaria, bost puntu gainetik %60 edo gehiago emakumeak badira edota merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsonak.
Hondakinen bilketa eta ezabaketa zerbitzuan ere salbuespena. Ostalaritza eta merkataritzaren kasuan izoztea planteatu du gobernu taldeak, eta gainera, autokonpostajea egiten dutenen kasuan jasotzen duten hobaria orain arteko %35etik %40ra pasako da.
Udal lokalen erabileran %15 eta %20 arteko igoera planteatu dute, “asmo pribatuetarako ekintzen buruz ari garela argi utzi behar da, elkartegintzari, gure udalerrian espazio horiek behar dituztenei ez die eragiten”, azaldu du Otaegik. Bestetik, gogora ekarri du alkateak 2019ko agintaldi hasieran laikotasunaren gaineko mozioa aztertu zuela plenoak eta orduan hainbat konpromiso hartu zituztela. Konpromiso horiek badute bere isla ordenantza fiskaletan eta hala, udal lokalak kulturako erabiltzerakoan tasa bat ordaindu behar dela, “edozein dela elkartea ere, jarduera kultua bada tasa ordaindu behar da”.
Progresibitatearen logika udal zerbitzuen eskaintzan
Berritasuna, oso garrantzitsua honakoa ere: Progresibitatearen logikaren erabilera udal zerbitzuen eskaintzan. Horren arabera, Errenteriako herritarren errentara egokitutako hobari politika planteatuko du udalak. Udalak txertatuta du dagoeneko progresibitatearen logika Herri Arte eskolaren tasetan, eta hori orain beste eremuetara zabalduko du: kultura, aisia edo kirola. Otaegik argi esan du, hori da nahi duten politika, progresibitatea oinarrian hartzen duena, ” ez da oinarrituta egongo sistema teoriko baten gainean, baizik eta herriko errenten errealitatearen gainean eraikiko dugu sistema progresibo hori. Dagoeneko ari gara datuak arakatzen, ikusten ari gara zein den gure herriko errealitatea errentei dagokionez. Gure herriko errealitatea ez da beste herrikoen bera, errealitate propioa daukagu, hobari sistema batek pertsona askori egin diezaioke onura, eta sinisten dugu gehien dutenek gehiago ordainduta, posible izango dela gutxien dutenek gutxiago ordaindu eta irisgarritasun bera edukitzea”.
2022ko martxo aldera planteatuko da progresio hori zerbitzuetan, orduan egingo baita lehen ordenantza modifikazioa. Beraz, 2022-2023 ikasturteari eragingo dio.
Helburua beraz, Errenteriako errealitateari egokitutako hobari sistema da. Hasierako hitzak hartu ditu berriro Otaegik hitzartzea amaitzeko, “%1,5eko igoera ezinbestekoa zaigu gutxien dutenek gutxiago ordaintzea nahi badugu, irisgarritasuna bermatu nahi badugu, eta unibertsala izatea nahi badugu zergak biltzea ezinbestekoa delako”.
Bi aste eta erdiko epea dute orain alderdiek proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko. Ahal bada adostasunera heldu nahi du gobernu taldeak argi berdea emateko ordenantza fiskalei, “norabidea da garbia, eta norabide horretan gehitzen duen edozerk lekua dauka; ez duguna da norabidea aldatuko. Hau hobetzen badugu guztion artean, ona izango da denontzat”.