Antxoko Plataformaren alde egin du Podemosek Diputatuen Kongresuan
Pilar Garrido Podemosen Gipuzkoako senatariak hainbat galdera erregistratu ditu Kongresuan. Adifen obra bulebarra sortzeko "urrezko aukera" dela uste du.
Pasai Antxoko Tren Geltoki Berriaren eskaera Espainiako Diputatuen Kongresura eraman du Pilar Garrido Unidas Podemoseko Gipuzkoako diputatu eta Podemos Ahal Duguko koordinatzaile nagusiak. Herri proposameraren alde egin du, hainbat galdera erregistratuz Espainiako Gobernuak eta Adifek argibideak eman ditzaten.
Adifen planak zehatz-mehatz ezagutzeko nahia adierazi du Garridok, kontuan izanik bi urte baino gehiago igaro direla entitateak 2019ko martxoan geltokiaren birmoldaketa iragarri zuenetik. Egungo instalazioak “oso egoera txarrean” daudela iritzi dio alderdiak, eta aparkatzeko bide batzuk, gainera, erabiltzen ez direla salatu du.
Antxoko Plataformaren proposamena 850 sinadurek baino gehiagok babestu zuten, eta Pasaiako Udalaren osoko bilkuran onartua izan zen 2019ko urriaren 29an, taldeek aho batez babestutako mozioarekin. Ahal Duguk salatu du euskal erakundeek ez diotela jaramonik egin eskaera horri, eta, gainera, kritikatu du Adifek “uko egin diola herriaren borondateari”.
Diputatuak antxotarren kezkaren berri eman du, eta hainbat galdera erregistratu ditu, Espainiako Gobernuak proiektuaren egoeraren berri eman dezan. Hona hemen batzuk:
- Pasaiako eta Lezo-Errenteriako geltokietako burdinbide zabaldegiaren erabilerari edo aprobetxamenduari buruzko datuak eskatu ditu, 2010-2020 hamarkadan.
- Pasaiako geltokiak Astigarraga-Oiartzun-Lezo saihesbidea eraikitakoan izango dituen trafikoak edo salgai-zerbitzuak aurreikustea eskatu du
- Zer erabilgarritasun izango du eta zein izango da burdinbide zabaldegiaren funtzioa?
- Beharrezkoa izango al da gaur egungo tamaina?
- Pasaiako geltokiak jasango duen tren-trafikoaren aurreikuspena, gaur egungoa baino handiagoa ala txikiagoa izango da?
- ADIFek geltokiko instalazio zaharretan eta erabiltzen ez diren aparkatzeko bideetan behin-behinean jarri duen aparkaleku-garbitegiari buruz ere galdetu du: Donostiako AHTaren geltoki berriko lanak amaitu ondoren desegingo da?
- Noiz hasiko dira geltokiaren eraberritze lanak?
- Herritarren gogoetak kontuan hartu ditu proiektu berriak?
Garridok defendatu du geltokiaren erabilera falta eta Euskal ‘Y’-aren saihesbidea eraikitzea aurreikusita dagoenez, egiten den birmoldaketak espazioa hobeto aprobetxatzea ahalbidetu lezakeela herritarren onurarako, hala nola bulebar bat eraikitzeko tokia utziz. Bizilagunek planteatzen dituzten proposamenen artean, hori “urrezko aukera bat” dela uste du.