Antzerkiak umorez blaituko du Pasaia datozen bi asteburuetan
Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldiek 40 urte beteko dituzte aurten. Denera lau antzezlan eskainiko dituzte, San Pedro, Donibane eta Antxon.
Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldien 40. urteurrena ospatuko dute aurten. Datozen bi asteburuetan, -hilak 16 eta 17; eta 23 eta 24-, denera lau umorezko antzezlan eskainiko dituzte San Pedro, Donibane eta Antxon.
Urriaren 16an, larunbata, arratsaldeko 19:00etan hasiko da jaialdia, San Pedroko Udal Aretoan Nomofobikak taldeak eskainiko duen Hackerrak! antzezlanarekin. Umorez eta musikaz beteriko ikuskizuna izango da, ikusleei ziria sartzeko prest datorrena.
Hurrengo igandean, hilak 17, 19:00etan, Donibaneko Juanba Berasategi aretoak Porno vs Afrodita antzezlana hartuko du, Benetan Be Teatroa taldearen eskutik. Gazteentzako “eta jada ez hain gazteentzako” ikuskizuna dela aitortu dute antolatzaileek, hezkuntza sexuala eta afektiboa dituelarik ardatz. “Zuzeneko musikaz bustitako komedia zoroa”.
Hurrengo asteburuan, hilaren 23an, larunbata, 19:00etan, Antxoko Gure Zumardian (euriarekin, Ibaiondon) Col.lectiu F.R.E.N.E.T.I.C. taldearen Save The Temazo izango da ikusgai, Valentziatik datorren kale ikuskizuna, zeinean ikusleek promozio bideo baten grabaketan parte hartuko duten. “Hamar metroko altueran dagoen esperientzia, errealitatearen pertzepzioa aldatuko dizuna!”, hala aurkeztu dute.
Azkenik, hilaren 24ean, igandea, El mono habitado taldearen Ave Osos! antzezlanak itxiko ditu aurtengo ekitaldiak, Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan. “Ukitu jainkotiarra duen giza komedia zentzugabea” ikusle mota guztiarentzat egokia dela ohartarazi dute.
Sarreren aurresalmenta Bibe plataformaren bitartez egingo dute. Juanba Berasategiko bi antzezlanetarako gonbidapenek 10 euroko prezioa izango dute, San Pedroko Udal Aretokoak 8 eurokoa, eta Antxoko Gure Zumardikoa doakoa izango da.