'Jaizkibel' draga lekualdatu eta museo bihurtzea hausnartzen ari dira
Industria Ondarearen Elkartea ontziaren egoera aztertzen ari da. Draga museo bihurtzeko proposamena lantzen ari dira, baina San Pedro "ez da lekurik onena".
Gipuzkoako Foru Aldundiak azterlan bat enkargatu dio Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteari, Jaizkibel dragaren egoeraren berri eman eta hori ontzi museo bilakatzeko. Litekeena da San Pedrotik mugitu behar izatea etorkizunean, bisitariak hartu ahal izateko.
Bilboko Euskalduna ontzioletan eraiki zuten Jaizkibel draga 1933an, eta Pasaiako portuan erabili zuten 56 urtetan badia garbi mantentzako. 1990 urteaz geroztik dago lehorrean ontzia, eta txatarra bihurtzekotan egon zen, harik eta eraikuntza mantentzearen aldekoek 1992. urtean Eusko Jaurlaritzaren Ondarearen Batzordeak Monumentu izendatu zezatela lortu zuten arte.
Urte luzeetan San Pedroko Ondartxo pasealekuaren bukaeran, Albaolaren ondoan, abandonatuta egon ondoren, 2012an berriztatu zuten itsasontzia. Eraberrituta, erakundeetako arduradunek dragara bisita gidatuak antolatuko zituztela iragarri zuten, baina iragarpen hura ez da inoiz gauzatu.
Proposamena berreskuratu dute orain. Gipuzkoan EH Bilduko batzarkide den Joxemari Carrerek ekainaren 17an egindako eskaeraren harira, Kultura Departamentuak informazio berria eman du, izan ere, bilkideak idatziz aurkezturiko lau galderen erantzunetan aitortu dute Kultura Zuzendaritzak “duela gutxi” eskatu diola Industria Ondarearen Elkarteari analisi bat eta jarduera proposamen bat egin dezan draga balioztatzeko.
Elkarteko arduradunek adierazi dute 2012an bukatutako eraberritze lanak galdu egin direla, eta “inoiz zaharberritu ez balitz bezala” dagoela berriro Jaizkibel draga. Urteak dira asoziazioa aldundiari eskatzen ari zaiola “zerbait egiteko” dragarekin, eta badirudi ate bat ireki zaiela orain.
Uda hasieratik ontziaren egoerari buruzko analisi xehatua egiten ari dira, egituraran zaharberritzeak izango lukeen kostua kalkulatzearekin batera. Horrez gain, 2012ko proposamena martxan jartzea ere hausnartzen ari dira, draga aintzatesteko saiakera gisa. Liteekeena da, baina, bisita horiek Pasaiako badiatik kanpo egin beharra, arduradunek adierazi baitute egungo kokalekuaren ingurumen-baldintzak ez direla egokiak ontziaren mantenurako. “Ez da lekurik aproposena”.