Lezo-Donibane bidegorriko izapideak arindu ditzala eskatu dio Eguzkik aldundiari
Talde ekologistak salatu du 2013an onartu zuela aldundiak Lezo-Donibane bidegorria egiteko plana, baina oraindik ez dela gauzatu.
Eguzki talde ekologistak salatu du Lezo-Donibane bidegorriaren zatirik arriskutsuena egin gabe dagoela oraindik. “2. faseko lanak amaitzean, duela bi urte, iragarri zuten hasiko zirela egiten”, azaldu du Eguzkik. Horregatik, aldundiari eskatu diote obra hori bukatzeko egin behar diren izapideak arindu ditzala. Eguzkik oroitarazi du 2013an onartu zutela Gipuzkoako Bidegorrien Plana. Horretan, besteak beste, Lezo-Donibanekoa dago. “Zortzi urte geroago, oraindik ez da osorik gauzatu”.
Aldundiak joan den astean atera zituen lizitaziora bidegorriaren azken zatiaren idazketa egiteko baldintzak. “Lizitazioa berandu dator, eta gainera, dirua xahutu dute. Atera dena ez da idatziko den lehen proiektua”.
Aurrekari horiekin Eguzkik azaldu du aldundia ezin dela harro egon kudeatzaile ona izateaz, “baina beharbada bai diru publikoa xahutzeaz eta adostutako epeak eta iragarritako promesak ez betetzeaz”. Foru erakundeari kritika egin diote: “Hori al da herritarrek modu seguruan mugitzeko duten eskubidearen, eta aldi berean, ingurumen garbiagoa ahalbidetzeko neurriekin duten betebeharra?”.