Neska Gazteen Txokoan lau tailer, feminismotik ahalduntzeko
Lau tailerrak euskaraz egingo dituzte, eta hainbat arlo ukituko dituzte, beti ere, neska gazteen interesetatik abiatuta.
Neska Gazteen Txokoak lau tailer antolatu ditu udazkenerako. Feminismoaren historia ezagutzeko hiru orduko tailerra da antolatutako lehena. Lahia 3.0 Sexologia eta Hezkidetza Elkarteko mkideek gisatuko dute hilaren 16an, larunbata, 10:00etatik 13:00etara. izena emateko azken eguna, hilaren 13a izango da. Sormen tailerrak hartuko dio lekukoa azaroaren 1ean eta pankarta bisualak eta kanpaina erakargarriak sortzeko tresnak jarriko ditu parte hartzaileen eskura Izaro Mariaezkurrena ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko pasaitarrak. 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara izango da tailer hori, eta izena emateko azken eguna hilaren 27a izango da.
Autodefentsa feminista tailerrak ere izango du bere lekua programazioan. Azaroaren 13an izango da saioa 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, eta izena emateko azken eguna, azaroaren 10 izango da. Azkenik, plazerari eskainiko diote tartea eta jostailu sexualak ezagutzeko abagunea hartuko dute laugarren eta azken tailerraren bidez. Abenduaren 4an izango da 10:00etatik 14:00etara, eta izena emateko azken eguna, abenduaren 1a izango da.
Tailer guztiak euskaraz izango dira, eta izena emateko Emakumeen Etxera joan behar dute interesdunek, posta elektronikora mezua bidali —bi daude aukeran—, edo telefonoz: 943 44 96 30.
Urtebeteko bidea
Joan den ikasturtean jarri zuen martxan Neska Gazteen Txokoa Emakumeen Etxeak. Ikuspegi feministatik neska gazteei baliabideak eskaintzea du helburu. Aurreko ikasturtean, hiru tailer antolatu zituzten, eta 28 neska gaztek hartu zuten parte.
Ahalduntze espazioa izan nahi du guneak eta 16 eta 25 urte arteko neskei zuzenduta dago.