'Sugarren Mende' ahanzturaren aurkako antidotoa
Urmenetak, Sorgin Delitu larriaren itzalpean ezkutatzen den tranpa politikoa disekzionatu du bere eleberri grafikoan.
410 urte joan dira Espainiako inkisizioaren auzitegiak Zugarramurdiko 31 bizilagunen aurka Logroñon egin zuen prozesutik. 1610eko azaroaren 7ko gertaera lazgarri hark, arrasto itzela utzi zuen Zugarramurdi herrian. Urteurren horren harira, eleberri grafiko bat ilustratu berri du Asisko Urmenetak, Memoria Historikoa berreskuratzeko prozesuan sakontzeko, eta euskaldunek, nazio narratiba idazteko duten beharraren aldarrikapenaren proposamen gisa. Sugarren mende du izena eleberri grafikoak; ahanztura eta mitoen aurkako antidotoa da, eta arbasoen memoria eta duintasuna berreskuratzeko lanabes.
Urmenetak, Sorgin Delitu larriaren itzalpean ezkutatzen den tranpa politikoa disekzionatu du bere eleberri grafikoan. Sorgin ehiza Euskal Herrian ikertzeko esparruak 1513tik 1616ra bitarteko aldi historikoa hartzen du. Egileak lan handia egin du ikerketa lanak dituen zailtasunak gaindituta gaiari buruzko historiagrafia iturri berriak aurkitzeko, eta hala, MacCulloch eskoziarra, Monter estatubatuarra edota Silvia Federici ekintzaile italiar-estatubatuar bibliografia independenteak topatu ditu errelatoa eraikitzeko garaileen kontaketatik aldenduta.
Sugarren mende komiki albuma eragile askoren emaitza da: Erroa eta Herrima argitaletxeen, Lapurdi 1906 elkartearen eta Gure Berriak hedabide digitalaren arteko elkarlanaren fruitu. Orain herriz herri aurkezten ari dira emaitza, azaroaren amaieran argitaratuko denaren aurrerapen. Errenteria-Oreretak, aurkezpen horietako bat hartuko du, Lekuona Fabrikak zehazki, ostegunean 18:30etik 19:30era. Hitzaldi ilustratua eskainiko dute Helena Xurio eta Asisko Urmenetak, sarrera librea da baina gonbidapenak eskuratu ebhar dira Lekuona Fabrikan bertan edota online.