Bulman neba-arrebak, Pasaia Kayaken ordezkari Zaragozan
Asier Bulman eta Haizea Bulman neba-arrebak izan dira Pasaiako klubaren ordezkari Aragoien. Top 10ean izan dira biak asteburuko lehia guztietan.
Joan den asteburuan jokatu zen Aragoi hiriburuko (Espainia), Ebro ibaiaren uretan, eta bertako jaien egitarauaren barruan, Ibercaja Zaragoza Hiria Trofeoaren XXVII. ekitaldia. Ohi baino ordezkaritza txikiagoarekin, baina bertan izan zen beste behin ere Pasaia Kayak taldea.
Asier Bulman parakanoista eta Haizea Bulman neba-arrebak izan ziren klubaren ordezkari, ia 450 palista bildu zituen proban. Lehia hura denboraldi baten bukaera eta hurrengoaren hasieraren mugarri izan zen.
Nebak laugarren postua lortu zuen bakarkako lanean, 1.500 metroko ibilbidea eginda. Binaka ere ondo aritu zen Asier K-2 inlusiboan, Sergio Sanchez piraguistarekin batera egindako lanak bosgarren postura eraman zituelarik, 3.000 metroko ibilbidea izan zuen proban.
Eta txukun aritu zen, halaber, Haizea Bulman kadete mailako proban, top 10-a itxi baitzuen 3.000 metroko ibilibidea burutu ondoren.