Energia iraunkortasunaren bidez dirua aurrezteko tailerra, Antxon
Kultur Etxean tailer irekia egingo dute hilaren 28an, energia modu eraginkorrean erabiliz dirua aurrezteko hainbat gomendio emateko.
Energia modu eraginkorrean erabiliz dirua aurrezteko hainbat gomendio emango dizkiete pasaitarrei hilaren 28rako (osteguna) antolatu duten tailerrean. Aldundiak udalarekin elkarlanean antolaturiko saioa Antxoko Kultur Etxean egingo dute, 18:00etan hasita.
Norberak bere etxean ezar ditzakeen eraginkortasun neurrietarako beharrezko materialak erakutsi eta energia aurrezteko hainbat ohitura aldaketen berri emango dute. Parte hartzen dutenei Energia-aurrezkiari eta -eraginkortasunari buruzko aholku praktikoen gida banatuko diete.
Edonork parte har dezakeela argi utzi dute antolatzaileek: “Denok erabiltzen dugu energia gure egunerokotasunean, horregatik da guztiontzako interesgarria saio hau”. Interesdunek hilaren 26a baino lehen eman beharko dute izena, honako bideak erabiliz: posta elektronikoa, webgunea, edota telefono zenbakia: 628 53 23 03.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Pasaiako Udalarekin elkarlanean, abiarazitako Energia argitu programaren barruan kokatzen da Antxoko saioa.