Erika Tavaresen hilketa matxista salatu dute
Praktikarako jauziari ezinbestekoa iritzi diote bildutakoek, hitzetatik harago joatea hil ala bizikoa delako, Gasteizko azken hilketa matxistak agerian utzi duen moduan.
Hamarnaka herritar bildu dira gaur arratsaldean Niessen merkatalgunearen sarreran. Erika Taveres gogoan, gogor salatu dute haren hilketa matxista. Labankadaz hil dutela nabarmendu dute elkarretaratzean egin duten irakurketan, eta 2003az geroztik indarkeria matxistak hil duen 112en emakumea izan dela, aurtengo bosgarrena. “Erika senarrak hil du. Amorruz diogu gaur matxismoak beste hilotz bat utzi duela Euskal Herrian. Amorruz diogu jada 38 direla Espainiako Estatuan matxismoak hildako emakumeak, eta amorruz diogu ere, Frantziako Estatuan matxismoak hildako emakumeekin ez dela kontaketa berezirik ere egiten”, salatu du mugimendu feministak.
Praktikarako jauziari ezinbestekoa iritzi diote bildutakoek, hitzetatik harago joatea hil ala bizikoa delako, Gasteizko azken hilketa matxistak agerian utzi duen moduan. Hala, indarkeria matxista errotik sostengatzen duten genero sistema eta botere harremanak deuseztatzea ezinbestekotzat jo dute, “erailketa hau ez delako fenomeno isolatu bat, bizi garen jendarte sexistaren emaitza baizik”. Indarra prebentzioan eta erantzunean jarriko dutela gaineratu du mugimendu feministak gaurko elkarretaratzean, autodefentsaren alde egin dute beste behin ere, eta erasoen aurrean, ez direla isilik geldituko esan dute, “gure auzo eta herrietatik erasotzaileak baztertzen jarraituko dugu”.
Gaurko elkarretaratzeko azken hitzak migrazio politikak salatzeko baliatu dituzte, gainera: “Euskal Herriko muga zeharkatzen saiatzean hiru migratzaile hil direla salatu nahi dugu”. Horren ardura, migrazio politikari egotzi diote, “hiltzailea dela ozen salatu nahi dugu, eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik kaleak okupatzeko deia egiten dugu, sistema heteropatriarkal, arrazista eta kolonialak eragiten dituen bidegabekeriak salatu eta bizitzak aldarrikatzeko”.