Erika Tavaresen hilketa arbuiatzeko bildu dira
Gasteizko erailketa matxistaren kontrako elkarretaratzea egin dute eguerdian Lezoko Udalak, Lezoko Emakume Taldeak, eta Gaxuxa Emakume Elkarteak deituta.
Erika Tavares hil zuen astelehenean bere bikotekideak Gasteizen. Euskal Herriko herri gehienetan egin bezala, Lezon ere elkarretaratzea egin dute hilketa matxista arbuiatzeko. Gaurko eguerdian (osteguna) bildu dira hainbat udal ordezkari eta herritar udaletxearen parean, indarkeria matxistari ‘ez’ esateko. Lezoko Udalak, Lezoko Emakume Taldeak, eta Gaxuxa Emakume Elkarteak deitutakoa izan da mobilizazioa.
Tavares indarkeria matxistagatik Euskal Herrian aurten hil duten bosgarren emakumea da. 2003tik, 112 dira bortizkeria matxistak hildakoak Euskal Herrian.