Sutargiren 1995eko garaipen handia berriz ere ospatzeko aukera
Lezoko Sutargi Abesbatzak 1995ean irabazi zuen Errenteriako Gabon Abesti Sariketa. Antolatzaileek herriko korua aurtengoan parte hartzera gonbidatu dute.
Errenteriako Gabon Abesti Sariketa hunkigarria izango da aurten. 75. urteurrena beteko du lehiaketak, eta berezitasunez bete nahi dute 2021eko ekitaldia: txapelketaren bat irabazi duten abesbatzak bertan aritzera gonbidatu dituzte. Lezoko Sutargi Abesbatzak badaki zer den kantuen lehia hori irabaztea, 1995ean bere egin baitzuen. Beraz, Lezoko taldea ere gonbidatu egin dute Errenteriako kantuzaleen topaketara.
Tomas Garbizu Lezoko Musika Eskolako arduradun Xanti Espinak dei berezia egin die 1995eko hartan abesbatzako kide izan zirenei. Berriz ere biltzeko eskaera egin die, sariketan parte hartzeko. “Parte hartu genuen guztiok gogoan dugu 1995ko hartan lortutakoa. Hori dela eta, bertan parte hartu zenuten guztioi helarazi nahi dizuegu edizio honetan parte hartzeko gonbidapena“.
1995ean abeslari finak bai, baina litekeena partaide horiek egun eztarriak herdoildu samar izatea. Horregatik, sariketako interbentzioa prestatzeko entseguak antolatu dituzte, Tomas Garbizu Musika Eskolan. Ostegunetan izango dira, 19:30ean. Lehena hilaren 21ekoa izango da.
Lezoko Udalak bat egin du musika eskolakoen deialdiarekin, eta 1995an Sutargi osatzen zutenei iniziatibarekin bat egiteko eskatu die, “elkarrekin abesteak dakartzan sentsazio atseginak berreskura ditzaten”.