Klarene plazan eta Martintxo kalean, astelehenetik, lanak
Altzibar auzoko bi guneetan lanak hasiko dituztela jakinarazi du udalak, auzoaren berrurbanizazio lanetarako inguruan egindako prestaketak amaitu ondoren.
Datorren astelehenean (hilak 18) Altzibar auzoko bi guneetan lanak hasiko dituztela jakinarazi du udalak, auzoaren berrurbanizazio lanetarako inguruan egindako prestaketak amaitu ondoren. Klarene plazan eta Martintxo kalean egingo dituzte lan horiek.
Klarenen euri-uren biltzailea, argiteria eta zoladura aldatuko dituzte. Udalaren aurreikuspenen arabera, hilabeteko iraupena izango dute obrek, eta tarteka Urkabe-Alde eta Klarene plaza lotzen dituen oinezkoen zubia itxiko dute. Horren berri emango du udalak.
Martintxo kalean aldiz, Albistur jatetxetik Kaleberriako zubirako zati horretan saneamendu-hoditeria eta uri-uren biltzailea bideratu, hornikuntza harguneak berritu, energia elektriko, telekomunikabide eta argiteriaren sareak eguneratu eta zoladura lanak egingo dituzte. Lan hauek ordea bi hilabete inguruko iraupena izango dutela aurreratu dute. Hauek iraun bitartean zati horretan dauden bost aparkalekuak ezeztatuko ditu udalak. Gaineratu dutenez, garajeetarako sarbideak jabeentzat zabalik egongo dira.