Oiartzuart, herriko gazte sortzaileen sare eta leiho
Oiartzungo gazte artista ugarik Oiartzuart izeneko emanaldia eskainiko dute gaur. Emanalditik harago, herriko sortzaileentzako «leiho bat» izan nahi du egitasmoak, bide luzekoa.
Artearen eta gazteen arteko harremana uste baino estuagoa dela erakutsiko dute gaur herriko zenbait artistek. Oiartzuart izeneko emanaldia eskainiko dute Oiartzungo zortzi gaztek udaletxeko pleno aretoan, 20:00etatik aurrera. Askotariko diziplinak uztartuko dituzte ordu eta erdi inguruko saio berezian.
Hiru Binaka egitasmotik dator Oiartzuart emanaldia sortzeko ideia. Udalak antolatutako egitasmo horretan parte hartu zuten herriko zenbait sortzailek, eta orain, euren kabuz aritu dira antolaketa lanetan. «Hiru Binakaren saioetan ez ginen hainbeste gazteengana iritsi, eta gu gazteak izanik, guk geuk sortutako hori gazteen artean zabaltzeko beharra ikusi dugu, hemen gaudela esatera gatoz», azaldu du egitasmoaren sortzaile eta gaur oholtza gainera igoko den Alain Mendizabalek.
Musika, poesia, antzerkia eta dantza. Lau diziplina horiekin gozatzeko aukera izango da gaur iluntzean. Lohitzune Telletxeak eta Luix Mitxelenak irekiko dute emanaldia, Haripiloak izeneko antzezlanarekin. «Noiz maitatu duzu benetan? Noiz maitatu zaituzte benetan? Eta noiz obsesionatu zara gezurretan?»; galdera horiei erantzungo die bikoteak. Bigarren saioa Malen Elizasu eta Xabier Belaunzaranena izango da; «igandean ohikoak diren une goxo horiek birsortzera» etorriko dira gaur, musika poetikoarekin. Hirugarrenik, dantza eta musika izango dira protagonistak, Udane Eskudero eta Alaia Belaunzarani esker; euskal folklorearen oinarritutako saioa eskainiko du bikote gazteak. Azkenik, Nigure izeneko musika-antzerki emanaldia eskainiko dute Alain Mendizabalek eta Karen Muñozek.
Mendizabalek dio artea eta sorkuntzari dagokionez «potentzialtasun handiko» herria dela Oiartzun, eta gazteen artean ere mugimendu indartsua dagoela. Gazte sortzaileen taldeko kide dira gaur oholtzara igoko diren horietako asko, eta azken aldian «dinamika polita» sortu dutela dio, harro, Mendizabalek. Denek argi dute. Egitasmoa zabaltzeko asmoa dute, «marka» moduko bat sortu nahi baitute Oiartzuart izen horrekin. «Urtean bi emanaldi indartsu egitea da asmoa, baina urtean zehar egiteko asmoa dugun ekitaldi txiki horiek ere Oiartzuart-en barruan sartu nahi ditugu», erantsi du.
Ate berriak
Herriko artista berrientzako «leiho» bat ere izan nahi du egitasmoak, lehen pauso hori emateko erreminta, alegia. Beraz, interesa duten gazteei haiekin harremanetan jartzeko gonbita egin diete taldeko kideek: «Gazteenak 15 urte ditu, eta bagaude 24-25 urte ingurukoak ere. Talde polita ari da sortzen, sumatzen da barnetik ateratako zerbait dela. Gure artean babesten gara, jakin-min artistikoak ditugun gazteak arnasgune bat sortzen ari gara».
Sarrera oso gutxi geratzen direla nabarmendu dute Oiartzuart taldeko kideek, eta oraindik erosi ez dutenei txokolategitik pasatzeko deia egin diete. 5 euroren truke eros daitezke. «Sarrera kobratzea erabaki kontziente bat da, erakutsi nahi baitugu artearen munduaren prekarizazioa. Lan prekarioak izaten dira, eta ohituta gaude musu-truk lan egitera. Mahai gainean jartzeko auzi kontziente bat da egin duguna, atzetik jende eta lan asko baitago», zehaztu du oiartzuarrak.
Honakoa da gaurko egitaraua:
- Malen Elizasu eta Xabier Belaunzaran. Musika poetikoa.
- Udane Eskudero eta Alaia Belaunzaran. Musika eta dantza.
- Karen Muñoz eta Alain Mendizabal. Antzerki poetikoa.
- Luix Mitxelena eta Lohizune Telletxea. Antzerkia