«Hasieratik garbi izan dugu kultura ezin zela gure bizitzetatik atera»
Lezoko udazkeneko kultur agenda berritasunekin iritsi da aurten. Olerkigintzari eta dantza garaikideari ateak zabaldu dizkiote. Herriko eragileen lanari balioa eman dio Kultura teknikariak.
Lezoko udazkeneko kultur agendan badira berritasunak. Horietako bat Poesia Kaia da. Zergatik erabaki duzue poesiari tartea ematea?
Gipuzkoan zehar poesia emanaldiak egiten dira, baina oso minoritarioa da alor hau, baita irakurleetan ere. Poetek badute gaitasuna hizkuntzaren bitartez ideiak konprimitzeko eta aldi berean gauza asko esateko. Bazterrean gelditzen ari den lan eremua izanik, pentsatu dugu beste ikuspuntu batetik lantzea poesiaren alorra, musikarekin uztartuz, atseginagoak izan daitezen errezitaldiak. Herritarrengandik hurbil nahi dugu poesia.
Poesia Kaiaren emanaldiak azaroaren 16, 18 eta 20an dira (19:30ean denak). Zer bilatu duzue zehazki horiekin?
Aste batean saioak konprimitu nahi izan ditugu. Aro bati gorputza eman nahi genion, hau da, garai zehatz batera bideratu poesiari lotutako emanaldiak. Gainera, azaroaren 20ko azken saioa Gezalatik atera nahi izan dugu, Santo Kristo elizan izango da. Egoki iruditu zaigu saioetako bat, azkena zehazki, herriaren erdi-erdira ekartzea. Oso minoritarioa den poesiaren kultura erdigunera ekarri nahi izan dugu. Azken horretan Jose Angel Hernandezen eta Oihane Garmendiaren errezitaldiak Arrate Zubigarai eta Jon Makuso musikarekin egingo dira. Aurrerantzean nahiko genuke gisa horretako gauza gehiago egin ahal izatea.
Aurtengo beste berritasuna dantza garaikideko Zeta-Zeta saioena da, Dantzaz konpainiarekin elkarlanean.
Zoritxarrez, curriculumetan ez daude arte eszenikoen gaineko hezkuntza eta formazioa. Irakasten zaigu arrazionalki gauzak aztertzera. Batzuetan sumatzen dugu artea ez dugula ulertzen; formazio hori falta zaigu, sentimenduen gaineko formazio hori. Zeta-Zeta saioekin nahi duguna da dantza garaikidera jauzia ematea, ulertu baino, sentitzeko. Dantzari eta koreografo gazte eta oso formatuak etorriko dira Lezora, azken joerak haien buruetan dituztenak. Esplikatuko dute zer egiten duten, zergatik egiten dituzten sortzen dituzten mugimenduak, musikarekin duten harremana… 20 minutuko saio batek lan handia duelako atzetik. Hezkuntzarekin lotura dute Zeta-Zetaren saioek. Ulertzen ez badira ere, pentsarazteko; sentimenduak sortu nahi ditugu. Horrekin batera, Lezo Herri Eskolan saio bereziak prestatuko ditugu gaztetxoekin, dantza garaikidea zer den aztertzeko.
Udazkeneko kultur agendan ere, ohikoa den bezala, herriko eragileentzat tokia dago: liburutegiko jarduerak, Zinema Ttikia, musika eskolako ikasleen kontzertuak, Etxetxorekin memoria historikoko jarduerak, Gaxuxak eta Lezoko Emakume Taldeak antolatutakoak…
Guk herriko kultur agenda egiten dugu. Ez da udalaren agenda bakarrik. Elkarteek jarduerak antolatzen dituzte, eta agenda barruan horiek txertatzen saiatzen gara. Udazkeneko kultur agenda ez da arte eszenikoetara mugatzen. Herrian dauden bestelako kultur adierazpenek ere badute tokia.
Zer bilatzen duzue kultur programazio bat antolatzerakoan?
Irizpide asko daude, baina badugu misio bat: arte eszenikoak sustatzea. Hor atzean dauden sortzaile eta langile denen jarduna herrira hurbiltzea. Badaude eszenatokian ikusten diren sortzaileak, baina ikusten ez diren horiei ere garrantzia eman nahi diegu. Langile asko daude sorkuntzarekin lotuta. Euskal Herrikoak ekartzen saiatzen gara, euskararekin lotutako ahalik eta obra gehien ekartzen, eta salbuespen batzuk ere egiten ditugu Espainiako Estatutik etortzen diren konpainiekin. Azken horien lanek beti lotura dute eduki jantziekin eta egun bizi ditugun arazo edo gaiekin, mezu garbiekin gainera: migrazioa dela, berdintasuna, egoera ekonomikoa, etxeen desjabetzeak…
Pandemia garaian ere Lezok kulturaren aldeko apustua egin du.
Egoera oso zaila izan da. Hasieratik garbi izan dugu kultura ezin zela gure bizitzetatik atera. ‘Zerbait egiteko aukera badugu, egingo dugu’, esan genuen. Programatutako gauza asko bertan behera gelditu ziren, baina lortu duguna da bertan behera gelditutako horien %70a ordaintzea saioa egin behar ziren unean zegokion taldeari, ondoren emanaldia egiteko data alternatiboa bilatuz eta osoa ordainduz. Hau da, kultura sustatu nahi genuen, baina bertako eragileak umezurtz utzi gabe