Atxilotu bat Lezon, ehizako arma batekin mehatxu egitea egotzita
Ustez, baimendu gabeko eremu batean ehizako eskopeta batekin tiro egiten ari zen atxilotua. Herritar bati mehatxu egin zion ehiztariak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du 61 urteko gizon bat atxilotu zuela Ertzaintzak atzo arratsaldean Lezon, herritar bati su arma batekin mehatxu egitea leporatuta.
Mehatxua jaso zuen herritarrak, arma zeramanari ohartarazi zion baimendu gabeko eremu batean ari zela tiro egiten, ehizako eskopeta batekin, Gauntxurizketako biribilgunearen inguruan. Eskopetaren jabeak orduan mehatxatu zuen herritarra.
Mehatxua jaso zuenak Ertzaintzara deitu, eta agenteek biktimarekin eta ustezko erasotzailearekin hitz egin ondoren, azken hau atxilotu eta Ertzain Etxera eraman zuten.
