Gau Beltzak argituko du garai iluna, igandean
Abaraxka ludotekak Gau Beltza antolatu du iganderako, ohiko afari-meriendarekin. Larunbat arratsaldean prestatuko dituzte jantziak.
Gau Beltza orain dela zazpi urte berreskuratu zuten Oiartzunen, Abaraxka udal ludotekaren eskutik. Pixkanaka egonkortuz joan da urriaren 31ko ekitaldia, eta ordutik ez dute hutsik egin.
Datorren iganderako beldurrak uxatzeko zita jarri dute. 19:30ean ohiko afari-merienda egingo dute Kontzejupe plazan. Bapo jatean, ibilbide beldurgarriari ekingo diote.
Arropa zaharrarekin janztea animatu dituzte parte hartu nahi dutenei. Distantzia mantendu ezin den tokietan maskara eramatea derrigorrezkoa izango dela gogorarazi dute.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, ez dira gerta daitezkeen ezbeharren arduradun egingo.
Larunbatean, prestaketa
Larunbateko Abaraxka Ibiltaria igandeari begirakoa izango da. 16:30ean jarri dute zita, ludotekan. Ahal izanez gero, arropa eta maindire zaharrak eramateko eskatu dute.
Mozorroak sortu, kalabazak hustu eta Abaraxka txukunduko dituzte larunbat arratsaldean.