Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak Bilbora deitu du
Hezkuntza publikoaren alde! Pribatizazioari ez! lelopean, mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Hezkuntza Ordezkaritzatik, Bilboko Diego Lopez de Haro kale nagusiko 85. zenbakitik.
Pribatizazioari ezetz esateko, eta hezkuntza publikoa babesteko Bilbora deitu du Euskal eskola Publikoaren Aldeko Oarsoaldeko plataformak. Izan ere, azaroaren 6an manifestazioa egingo dute Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea osatzen duten eragileek. Deitzaileek iritzi diote “testuinguru ezin hobea” dela honakoa kalera atera eta hezkuntza publikoaren aldeko aldarrikapena “ozen eta argia” egiteko, “EAEko hezkuntza sailburuak Hezkuntza Akordioa adosteko asmoa adierazi du orain gutxi eta”.
Egungo hezkuntza sistemak ez diola lehentasuna ematen hezkuntza publikoari salatu du plataformak, “behar lukeenaren kontra; are gehiago, baztertu egiten du sare publikoa, eta zenbait arazo larri sortzen ditu, hala nola, segregazioa”. Plataformatik defendatu dute soilik hezkuntza publikoak bermatzen duela hezkuntza sistema konpentsatzaile, doakoa, inklusiboa, kulturartekoa, kohesionatzailea, laikoa, euskalduna, eta kalitatezkoa, “hortaz, eskola publikoak merezi duen aitorpena jaso behar duela, eta hezkuntza sistemaren ardatz izan behar duela iruditzen zaigu”.
Euskal eskola publikoa sistemaren ardatz bilakatzea aldarrikatu dute horrenbestez, horretarako behar adina baliabideez hornituta, “tokian tokiko oztopoak, diskriminazioak eta zailtasunak gainditzeko planteamendu zehatzak sustatu behar lituzke, eta hezkuntza sistemaren pribatizazioa gelditu Beharko luke”. Bestalde, Hezkuntza Legearen gaineko hausnarketa eta eztabaida eragile guztiengana zabaldu behar den uste osoa du plataformak.
Bultzada instituzionala ezinbestekoa jo dute, “eskola publikoak bere funtzio sozial eta egituratzailea indartzeko eta hezkuntza sistemako sare nagusia izatera heltzeko. Gure nahia da sare publiko indartsua osatzea, gizarte osoaren beharrei erantzuteko gai izango dena, eta horretarako bidelagunak behar ditugu”. Horren harira, irakasleak, familiak, langileak, ikasleak, elkarteak, eta euskal eskola publikoan sinisten duten herritar guztiak Bilboko manifestazioan parte hartzera deitu ditu Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Oarsoaldeko Plataformak: “Hezkuntza sistema birplanteatzeko garaia da, euskal eskola publikoaz harro gaudela esateko, eta bere alde mobilizatzeko garaia”.
Hezkuntza publikoaren alde! Pribatizazioari ez! lelopean, mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Hezkuntza Ordezkaritzatik, Bilboko Diego Lopez de Haro kale nagusiko 85. zenbakitik.