Hodei Lujanbio Italian lehiatuko da, euskal selekzioarekin
Mendi lasterkariak euskal selekzioaren deialdia jaso du, denboraldiari ginga jarriko dioten bi lasterketetan aritzeko. Bihar Italian arituko da.
“Sorpresa izan da, ez nuen deia espero”. Hodei Lujanbio mendi lasterkariak horrela definitu du euskal selekzioak bera hautatu izana. Orain dela bi aste jaso zuen deia, Malagan (Andaluzia) egin behar zuen denboraldiko azkeneko lasterketaren bezperatan.
Euskal selekzioan lasterka aritzeko hautatua izateak beste bi lasterketatan aritzeko atea ireki zion. Pasa den igandean Frantziako Alpeetan aritu zen, Skyrace des Matheysins 25 kilometro eta 2.000 metroko desnibela duen lasterketan.
Izerdi eta odola bota zituen lasterketan, eta datorren larunbatean beste zita bat izango du. Alpeen beste aldera —Italiara— joango da Limone Extreme Skyrace lasterketa egitera, larunbatean.
Garda lakuaren ertzean hasiko den lasterketak 27 kilometro eta 2.600 metroko desnibela izango du.
Frantziako lasterketan bost lagunek osatu zuten euskal ordezkaritza. Italiakoan, berriz, dozena bat izango dira.
“Aukerak aprobetxatu behar dira”
Frantzian “ikaragarrizko maila” duten lasterkariak aurkitu ditu. Ibilbidea bera ere teknikoagoa izan zela ziurtatu du Altzibarren bizi den goizuetarrak.
Arantza txiki bat duela aitortu du Lujanbiok: aurrez programatuta ez zituen lasterketak direnez, sasoi puntu onenean ez da iritsi.
“Hala ere”, zehaztu du, “urte on baten bukaerako opari bezala hartu ditut bi lasterketa hauek, eta emaitzen gainetik, esperientziaz disfrutatzeko helburuarekin noa euskal selekzioak emandako aukera honetara”.
Horrelako aukerak aprobetxatu behar direla berretsi du Lujanbiok, eta mendian lasterka ibiltzen den batentzat “sekulako oparia” dela selekzioaren deia jasotzea.
Esperientziari zukua atera ondoren, atseden hartzeko tartea izango dela aurreratu du lasterkariak, 2022 denboraldiari begira jarri baino lehen.