Otraitzeko ameztiak itzala ematen jarrai dezan
Otraitz Gainan garai batean bertan izandako ameztiaren —Quercus pyrenaica— azken arrastoak gelditzen dira.
Errenteriako Udalak, eta Aiako Harria Parke Naturala zein KBEko Kontserbazio Bereziko Eremuko administrazioek, amezti baten leheneratzea hasi dute Otraitzen (Añarbe). Otraitz Gainan garai batean bertan izandako ameztiaren —Quercus pyrenaica— azken arrastoak gelditzen dira. Ametza lurzoru lehor naiz hondartsuetara eta lehorteetara ongi egokitzen den haritz mota da; halako arrastoak daude ere SAnmarkoko Kutarro aldean. Halako hariztiek, baina, kontserbazio egoera txarra izaten dute batzuetan, zenbait arrazoi direla eta, besteak beste, sua, azienden eragina edotabaso mozketak; halaxe gertatu da Otraitzen den ameztiarekin.
Horri aurre egin eta ameztia babesteko 700 metroko ganadu itxitura egin dute udan Parke Naturalak eta udalak, aziendaren kalteak saihestu eta bizirik iraun duten ametz bakanak babestu asmoz. Neurri horrekin, haritz mota horren ugalketa ere erraztu egingo dela uste dute. Horren harira, banaketa eremua hiru hektareatan zabaldu da, berez ameztiari dagokion eremua berreskuratuz.
Datozen urteetan Errenteria-Oreretan hain urria den baso habitata modu ekologikoan berreskuratu eta leheneratzea da helburua, Añarbeko kontserbazio biologikoaren egoera hobetuta.
Urriko Landalurra Azokara hurbildutako familiei, gainera, Otraitzen bildutako ezkurrak banatu zizkieten, negu honetan bertan landatzeko, baso zahar berreskuratzeko asmoz.
Haritz kandudunez osatutako hariztiak dira adierazgarrienak Añarbe inguruan, baita pagadi azidofiloak ere, baina badira bestelakoak ere: ibaiertzeko basoak eta haltzadi kantauriarrak ibai eta erretenen inguruan, edota Aizpitarteko harizti atlantiko mistoa.