Goi mailako saskibaloia asteburuan Bekoerrotan
Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako selekzioen arteko txapelketa bat jasoko du Bekoerrota kiroldegiak, Haur Mailako kirolariena.
Igandean eta astelehenean (hilaren 31n eta azaroaren 1ean) gazte mailetako Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako selekzioen arteko txapelketak jokatuko dituzte Lezoko Bekoerrota kiroldegian. Zehazki, Haur Mailakoak dira lau herrialdeen arteko saskibaloi partidetan izango direnak. Mutilen eta nesken kategorietako partidak izango dira.
Hilaren 31n jokatuko dituzte finalerdiak, eta azaroaren 1ean, berriz, finalak nahiz hirugarren eta laugarren postuetarako partidak. Norgehiagokak, bi egunetan, 10:00etan, 12:00etan, 16:00etan eta 18:00etan izango dira.
Aldi berean, egun horietan Kadete Mailako txapelketak jokatuko dituzte lau herrialdeetako saskibaloi jokalariek, Erriberrin (Nafarroa).
Herrian bigarrenez egingo dute gisa honetako txapelketa bat. Kurkubi Saskibaloi Taldeak antolaketan lagunduko du.