Pandemiaren arrastotik ateratzeko borrokan
COVID-19ak gogor erasan zuen Marian Garcia errenteriarra. Bitan eraman du ZIU Zainketa Berezietako Unitatera gaitzak, lehen aldiz zuzenean, eta bigarrenean, albo kalteengatik. Osatzen ari da.
COVID-19arekin kutsatu diren ehunka herritarren arteko bat da Marian Garcia errenteriarra. Familiako lau kideei heldu zien gaitzak; senarrari lehenik, Mariani gero, eta bi alabei ondoren. Baina Mariani gogor erasan zion, eta agerikoa du pandemiak soinean utzi dion orbain sakona.
Bitan eraman du gaitzak ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitatera, eta bigarren ospitaleratzearen ondoren, trakeotomiarekin itzuli da etxera. Etxean da, hark nabarmendu duenez, heriotza bitan hurbil-hurbilean sumatuta. Esker on hitzak baino ez ditu ospitalean bi txandatan eman dituen hiru hilabeteetan artatu duten profesionalentzat: «Ez gara kontziente zein altxor dugun, profesionalak dira goitik behera, eta hortik harago, humanoak. Ikaragarria izan da eman didaten tratua, sendagileengatik hasi eta zeladoreetaraino».
Apirilean esan zioten Garciari COVID-19arekin kutsatuta zegoela, «aurreko egunean positiboa izan zen senarra». Hiru egun geroago, itotzen zela-eta anbulatoriora joan zela kontatu du: «Handik zuzenean ospitalera eraman ninduten anbulantzian, eta bertan aldebiko pneumonia diagnostikatuta ZIUra eraman». Pandemiaren hasieratik telebistan hainbatetan ikusitako irudiak lehen eskutik bizitzea tokatu zitzaiola azaldu du. «Koma eragin eta intubatu ninduten, ez niolako tratamenduari erantzuten». Hortik eta esnatu zuten arte gertatu zenaren berri, senideek kontatuta, eta mediku txostenean irakurrita daki. Hemezortzi egun eman zituen horrela: «Hiru egunez egoera oso larrian izan nintzen; familiari hilko nintzela esan zioten. Trakeotomia egin zidaten ondoren, eta pixkanaka erantzuten hasi nintzen».
Esnatu zutenetik hamar egun gehiago eman zituen ZIUn, eta gero, beste hilabete bat plantan. «Nire jarreragatik nagoela hemen esan didate medikuek, bizi nahi nuelako», dio hunkituta. Ekainean itzuli zen etxera.
Trakeotomiarekin bizitzen
Abuztuan bronkoskopia bat egin zioten trakearen egoera aztertzeko. «Hor estenosi bat atzeman zidaten, eta interbentzio txiki bat egin zidaten estututako trakea zatia zabaltzeko». Etxera iritsita, itotzen zela sumatu zuen: «Asmatikoa naiz eta horrekin lotuta egon zitekeela pentsatu zuen familia medikuak. Botika eman, baina berdin edo okerrago jarraitu nuen». Berriro ospitalera buelta, eta bertan bronkospokia egiteko unean hilzorian izan zen berriz ere: «Trakearen %95 itxia nuen, eta bronkoskopia egiteko kamera sartu zidatenean, libre zegoen %5 itxi zuten. ZIUko kirofanoan egin zidaten trakeotomia, oraingoan tokiko anestesiarekin, intubatzea ezinezkoa zelako. Oso gogorra izan zen».
Bost egunez izan zen Zainketa Berezietako Unitatean bigarren aldi horretan, eta beste hemezortzi egun arnasketarekin lotutakoen solairuan ingresatuta. «Ahots-kordak paralizatuta ditut, baina trakeotomia behar dut arnasteko, bizitzeko ezinbestekoa dut», zehaztu du Garciak. Aitortu du kolpe latza jaso zuela aurrerantzean trakeotomiarekin bizi beharko zuela esan ziotenean: «Behea jo nuen. Adinekoen etxeko zaintzan lan egiten dut, eta nire lanera, nire aurreko bizitzara itzuli nahi dut. Gogoan dut auxiliar batek zapi paketea ekarri zidala eta gainean idatzi zuela ‘Aupa, zuk ahal duzu’. Gordeta dut». Esker on mezua helarazi die berriro osasungintzako langileei: «Ezingo diet inoiz nahikoa eskertu niregatik egin duten guztia, ez bakarrik profesionalki egin duten lana, batez ere humanoki aritu diren moduagatik. Ikaragarria izan da».
Ahots-kordak berreskuratu
Esker on hori auzora ere eraman du Garciak. Babes osoa sentitu duela hark eta familiak dio, «jarrera ikaragarria erakutsi didate, kezka eta laguntzeko prestutasuna erabatekoa».
Egungo egoerari dagokionean, ahots-kordak berreskuratzeko ebakuntza egin behar diotela kontatu du Iztietakoak; hori eginda argi markatu du erronka: «Trakeotomia ixtea da nire helburua, botoi bat sakatu behar ez izatea hitz egin behar dudan bakoitzean».
«Nire jarreragatik nagoela hemen esan didate medikuek, bizi nahi nuelako»
«Ezingo diet inoiz nahikoa eskertu niregatik egin duten guztia; batez ere humanoki»
Lagunen babesa izan du prozesu guztian, baita gaur egun ere: «Txandak egiten dituzte sendagilearengana eramateko kontsultak ditudanean. Ez didate utzi autobus bakar bat ere hartzen ospitalera joateko». Ospitalean zegoela haien bisita ezin zuela jaso, baina haien berotasuna eta hurbiltasuna iritsi zitzaizkiola gogoan du, «loreak, txartela eta koilarea ere oparitu zizkidaten; koilarea ezin izan dut momentuz jantzi…».
COVID-19ak eragin diona, eta batez ere, bide latz horretan aurkitu duen profesionaltasuna eta humanitatea kontatzeko beharra zuela dio Garciak; horrek ere pandemiak soinean jarri dion motxila arintzen lagunduko dion zalantzarik ez du. «Jende askok ez du ulertuko ziurrenik nire bizipenak kontatzen aritzea denek irakur ditzaten, baina niretzat sendagarria da; kontatu beharra nuen, eta batez ere eskertu behar nuen jaso dudan tratua. Osasungintzan ari diren profesionalak altxorra direla esan behar nuen jende guztiak jakin dezan».
Amorrua ematen omen dio COVID-19az arinkeriaz hitz egiten aritzen direnak entzutea: «Jendeak gaitz honi, pandemiari garrantzirik ez emateak amorrua eragiten dit. Guk ez dakigu nola kutsatu ginen, baina kutsatu ginen; argi dago, edonori gerta dakiokeela».
Borrokatzeko grina
COVID-19ak hankaz gora jarri zion bizitza Garciari, beste ehunka herritarri bezala, eta hari utzitako ondorioak agerikoak badira ere, bere familiarengan ere arrastoak utzi dituela dio, ezinbestean: «Senarrak hamabost egun eman zituen gripearen sintoma antzekoekin, eta hilabetez usaimena eta dastamenik gabe gelditu zen. Alaba batek ere arin pasa zuen, baina gazteenak, pneumonia garatu zuen eta etxean izan bazen ere, okerrago pasa zuen».
Horri guztiari, bikotekidea eta amaren egoera gehitu behar izan zioten: «Etxean itxita zeuden berrogeialdian, eta hilko nintzela esanez deitu zieten ospitaletik, oso egoera kaskarrean nengoelako, ez nuelako erantzuten. Ikaragarria izan da beraientzat». Zorionekoa dela dio. «Hemen nago, kontatzea dut. Beste auzotar batzuk ez dute zorte hori izan, eta bidean gelditu dira. Babesa eta maitasuna jaso ditut, bai ospitalean, bai familiaren aldetik zein lagun eta auzotarrengandik, eta egun, hala izaten jarraitzen du».
Ahots-korden ebakuntza ahalik eta azkarren iristea desio du orain errenteriarrak. «Hitz egiten ikasi beharko dut logopeda batekin. Indarra dut horri aurre egiteko, eta markatu dudan helburua lortzeko borrokatzeko: trakeotomia ixtea, botoitxo hau sakatu gabe hitz egin ahal izateko».