[Elkarrizketa] «Ohorea da zaindu izan nituen neska-mutil txikiak ezkontzea»
Ogibidez kazetari izateaz gain, Pasaiako bake epailea ere bada Laboa (Donibane, 1970). Kuriositateak bultzatuta eman zuen izena duela bederatzi urte, eta kargua berritu du orain, «pasaitarrekiko eta herriarekiko maitasunagatik».
Zer egiten du bake epaile batek?
Astean bitan San Pedroko Bake Epaitegira noa, bertan, jaiotza eta heriotza agiriak, izen-abizenak aldatzeko eskaerak, ezkontza espedienteak eta, tira, bake epaile baten egiaztapena behar duten dokumentuak sinatzera.
Horrez gain, ezkontzak ere egiten ditut. Horiek astean bitan izaten dira normalean, astean zehar goizez San Pedroko Bake Epaitegian, eta larunbatetan Donibaneko udaletxe zaharrean.
Hauteskundeak daudenean, Pasaiako boto guztiak jaso eta Donostiako Bake Epaitegira eraman behar ditut.
Nor izan daiteke bake epaile?
Nik izena eman nuen pixka bat saltseroa naizelako. Kasualitatez hasi nintzen: justu aurreko bake epaileak, Kaxero-k [Joxe Ramon Sistiaga], erretiroa hartu behar zuen, eta nik udalak ateratako oharra ikusi nuen.
Eskatzen zuten, alde batetik, 18 urte baino gehiago izatea, justiziarekin arazorik ez, herri mailan integratuta egotea eta ekitaldietan parte hartzea baloratzen zen; gero, ikasketak, gutxienekoak. Euskara berez ez zuten eskatzen, baina plus bat da, ezkontza ugari euskaraz direlako.
Zein da jendea ezkontzeko prozedura?
Badira oinarrizko bi ezkontza: batzuek sinatu nahi dute, urte mordoa daramate elkarrekin, eta ez dute inongo ospakizunik nahi; beste batzuek kontrakoa nahi dute, ezkontza ekitaldia, eta abar.
Nik telefonoz deitzen diet jakiteko, batetik, ezkontza euskaraz edo gazteleraz egin nahi duten, eta gero, azaltzeko zer-nola egingo dugun.
Gustatzen zait ekitaldiak pertsonalizatzea hotzak izan ez daitezen; horretarako, ahalegintzen naiz lagun eta senitartekoekin hitz egiten, bikotea gehiago ezagutzeko eta haiei egokitutako hitzak eskaintzeko ezkontzan.
Ezkontzez gain, bizilagunen arteko bitartekaritza lanak ere egin izan dituzu.
Bai, gaur egun erabaki da bake epaitegietan hori ez egitea, baina hasi nintzenean, bizilagunen arteko liskar txikiak konpontzen ahalegintzen ginen. Esate baterako, lur mugen arazoak, irainak… Salaketa bat zegoenean, Donostiako Epaitegira joan aurretik, saiatzen ginen talkak baretu eta akordio batera iristen.
Zu pasaitarra izanik, egongo ziren egoera deserosoak…
Bai [barre egin du], ez zen oso erosoa, batez ere, liskar horiek zituzten bizilagunak ezagutzen nituelako. Azken batean, haien aurrean jartzea jakinda nik bataren edo bestearen aldeko erabaki bat hartu behar nuela, tira, ez zen atsegina.
Pisua kendu dut gainetik, baina egia da liskarra konpontzen nuenean pozik gelditzen nintzela. Pena ere ematen dit; lehen herri mailan konpontzen genuena, orain Donostian epaile batek konpondu behar du; bizilagunentzat gogorragoa da.
Hirugarrengoz berritu duzu kargua.
Euskal Telebistan egiten dut lan, honengatik dieta txiki-txiki bat ematen didate, baina honetaz ezin da bizi. Hau egiten dut pasaitarrekiko eta herriarekiko dudan maitasunagatik.
Lehen begirale ere izan nintzen, eta ohorea da, orain, zaindu izan nituen neska-mutil txikiak ezkontzea, herrian, emakume eta gizon heldu bihurtu direnean.