[Erreportajea] Zauria orbaindu bitartean
Topoa lurperatzeko lanek «kaosa» eragingo dute Pasai Antxon datozen lau urteetan. Obrei esker, bizilagunak luzaroan zigortu izan dituen zauria itxiko dela uste du alkateak; argibideak eman ditu.
Antxok 340 metro luze den zauri bat du, barrutia parez pare erdibitzen duena. Hedadura horretako ebakiak orbaintzeko prozesuak luze jo ohi du; sendatu arte zornea sor daiteke, hori garbitu, desinfektatu eta, zenbaitetan, infekzioak utziriko erresumina arintzeko sendagaiak hartzea ere beharrezko da.
Ebakiaren azaleko zatiak ia 7 metroko garaiera eta biaduktu itxura ditu, eta hori, lurpeko zimenduak kontuan hartu gabe. Sakona da antxotarren ebakia.
Nork eta zergatik egin zion, baina, barrutiari zauri hura? Erantzuna aurkitzeko 111 urte egin behar da atzera, 1910eko martxora, toporik gabeko herrira, alegia.
Hiriarteko loturarako tresna izan nahi zuen Donostia eta Hendaia arteko trenbide-lerroa barrera bihurtu zen Antxo zeharkatzean, ezinbestekotzat jo baitzuten orduan burdinbidea herri lurretik altxatzea, biaduktu baten bidez.
Proiektuak hautsak harrotu zituen herritarren, trenbide konpainiaren eta udal arduradunen artean, baina tirabirak tirabira, 1912ko abenduaren 5ean, topoak lehen bidaia egin zuen gaineko pasabide horrek sostengatuta.
Zubiak hamar hamarkada bete berri zituenean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareak (ETS) Galtzaraborda eta Altza arteko topoaren trazatu berria eraikitzeko lanei ekingo zitzaiela, Pasaiako barrutiaren erdi-erdian egingo luketelarik lurpeko bidearen geltoki berria.
Iragarpen horren hurbiltasunak luzaroan bare egon izan diren hauts horiek astindu ditu orain berriro.
Uztailean esleitu zituzten topoa lurperatzeko obrak, 64 milioi euroko aurrekontuarekin. Hasiak dira dagoeneko aurrelanak, eta 46 hilabeteko (hiru urte eta hamar hilabete) luzapena izatea aurreikusi dute. Epeak betez gero, 2026rako bukatuta beharko luke Antxoko lurpeko trazatuak.
ETSren finantzazioa ezingo litzateke baliatu Luzuriaga berritzeko
Izaskun Gomez alkatea jakitun da lanen munta handiaz, eta apaindurarik gabe aitortu du datozen urteak «kaotikoak» izango direla barrutiarentzat, topoa lurperatzeko lanek Antxo ekialdetik mendebaldera zulatzea suposatuko baitute, bidean, bizilagunentzat funtsezko diren hainbat eremu hesitu (Gure Zumardia, Ibaiondoko zabalgunea, Luzuriagako aparkalekuen zati bat…) eta beste batzuk behin betiko eraitsiko direlarik (Azoka eta biaduktua, kasu).
Badirudi, gainera, eraikin berriren bat ere izango duela Antxok etorkizunean: Biteri plazako proiektu berriari buruzko azalpenak eman ditu alkateak.
Biaduktua eraisteko, itxaron
Azken hilabeteotako kezka nagusietakoa izan da, antxotarrentzat, biaduktua eraistearena. Udalburuak argi utzi du gainbidearen egitura bota egingo dela, ezbairik gabe, zentzugabea litzakeelako hura mantentzea bertan trafikorik ezean: «Ez luke arrazoirik barrutia erdibitzen duen halako egituratzarra mantentzeak, are gutxiago, zubiek sortzen duten puntu ilunekin».
Gomezek argi utzi du, ordea, pasabidearen eraistea ez dela berehalakoa izango, eta, gutxienez, lurperatze lanak bukatu eta urtebete pasata hasiko liratekeela hori botatzen.
Epeak luzatu beharraren kausaz mintzatu da: «Oso noizean behin» merkantzia trenak igaro ohi dira bide horretatik orain, eta ETSren aurreikuspena da gerora gora egingo duela trafiko horrek, eguneko lau edo bost ibilgailuren zenbatespena egin dutelarik.
Merkantzia trenek ezin dute etorkizuneko lurpeko bidetik joan, arrazoi teknikoengatik, horien pisuak ez baitu ahalbidetzen inklinazio jakin bateko aldapetatik mugitzea, eta lur azpiko burdinbideak ez ditu betetzen baldintza horiek.
Hori horrela izanik, ordezko pasabide bat beharko lukete merkantzia trenek Antxoko biaduktua eraitsiz gero, eta hura bermatu arte itxaron beharko da.
Alkateak gogorarazi du ETSren erabakia dela hori, eta lanean ari dela erakunde publikoa linea berria sortzeko. «Informazio-azterlana egin dute, eta proiektuarekin hastekoak dira»; epeak laburtzea dutela helburu azaldu du Gomezek, «paraleloki» ari baitira lanean, itxaron beharrean lurpeko bidea bukatu arte.
Azoka: Biterin edo Luzuriagan?
Bizilagunen beste ezinegon nagusietakoa Azokaren etorkizuna da; eraikinarena baino, horren erabiltzaileena.
Trazadura berria Donostia eta Pasaia arteko muga markatzen duen Eskalantegi kaletik sartuko da Antxon, eta geltokia cut&cover (moztu eta estali) metodoaren bidez gauzatuko dute. Gure Zumardia parez pare ireki, eta bideak Ibaiondoko zabalgunerantz jarraituko du, ezinbestean, Antxoko eragile kulturalen etxea dena aurretik eramanez.
Alkateak apirilean jakinarazi zion hedabide honi Azokaren egungo eraikina 2022ko udaran eraistea aurreikusi zuela ETSk, eta ordezkoa ez zirela eraikitzen hasiko zaharra bota aurretik. Data hori ez du berretsi nahi izan orain, baina argi utzi du eraikinak hartzen dituen jarduera guztien zerrenda bat prestatzen ari direla, horietako bakoitza eraispenaren aurretik birkokatzeko.
Erabiltzaileei informazio horren berri emateko saio espezifikoak egiteko asmoa du Gomezek: «Oraindik ez baditut egin da ez naizelako bilerak deus ere ez esateko egitearen zale; kokagune berriak lotzearen zain gaude, eta orduan, plan bat dugunean, bilerak egingo ditugu talde bakoitzarekin».
Argi du ez duela bizilagunengana esku hutsik agertu nahi, soluzioekin baizik; baliteke aukera horiek ez izatea «hoberenak, ez eta perfektuak ere», baina elkarlana galdegin du, gogora ekarriz horiek behin-behinekoak izango direla.
Eta zein izango da, bada, behin-betikoa? Horra hor prozesu honen beste fronteetako bat; edo bi, egokiago esanda.
Jakinda antxotarrek kulturgune berri bat beharko dutela epe laburrean, ez dira gutxi izan Luzuriaga fabrikako eraikin zaharra aipatu dutenak alternatibatzat.
Aukera horri ez dio aterik itxi udalburuak, baina bai, ordea, epe laburreko Azokaren ordezko gisa: «Irmoki sinesten dut eraikina [Luzuriagakoa] mantendu behar dela, eta etorkizunean antxotarrentzako kultur ekipamendu bihurtu beharko litzatekeela, baina ezin dugu inor engainatu: orain ez da momentua».
Eragozpen administratibo eta ekonomikoak hartu ditu ahotan Gomezek, denborazkoekin batera.
Fabrika zaharra Donostiako lurretan dago, baina bertako udalak ez du eraikin horren jabetzarik, Luzuriaga Kreditu Ofizialeko Institutuarena (KOI-ICO) baita ia %90ean, eta Nafarroako Gobernuarena nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiarena gainontzekoan.
Azpiegitura erosteak suposatuko lukeen kostuaz gain, egitura birgaitu eta ekipatzearen balioa ere aipatu ditu alkateak (14 milioi euro inguruko balioespena egin du). Pasaiako Udalarentzat, «ordainezina».
ETSk Azoka eraisteagatik udalari emango dion laguntzaz galdetuta (3 milioi inguru), argi utzi du partida hori egungo azpiegituraren «antzeko ezaugarriko» udal eraikina egiteko dela esklusiboki. Hortaz, finantzazioa ezingo litzakeela baliatu fabrika zaharberritzeko; are gehiago: «Erakundearen ekarpenak urterokoak dira, 2022, 2023 eta 2024rako. Diru multzo horiek dagokion epean inbertitu behar dira, bestela, galdu egiten dira».
Hori horrela, datorren urtean ekin beharko litzaieke Luzuriagako obrei; ezinezkoa: «2022rako tramite guztiak eginda egon daitezkeela dioena gezurretan ari da».
Eraikin berria Biteri plazan, elizari itsatsita, eraikitzea ez da ideiarik onena, «baizik eta aukera bakarra», aitortu du alkateak.
2009ko parte hartze prozesu batean antxotarrek plaza horretan ezer ere ez eraikitzea erabaki bazuten ere, udalburuak ez du epe laburreko beste kokapen posiblerik ikusten. Birritan aipatu du diru laguntza datorren urtean ez bada inbertitzen, «betirako» galduko dela: «Finantzazioa orain edo inoiz dela ikusita, nik argi daukat, orain behar du izan».
Enpresaren planifikazioa eskuan izan arte ezingo dute data ofizialik eman
Frontoi zaharrean hiru kokapen aipatu ditu: alkateordetza eta eskola zaharren orubeak, eta parrokiari itsatsitako harmailak. Lehenak deusezteko bi arrazoi daude: «Prozesu urbanistiko luzeegia litzateke, lurren arauak aldatu beharko liratekeelako»; tramiteak gauzatzeko urtebete baino gehiago beharko litzatekeela argitu eta gogorarazi du, berriro, ETSren diru partiden egutegi zurruna.
Bigarren zioa aparkalekuarekin dago lotuta: «Bi lur horietan eraikitzeak, etorkizunean, plazaren lurpean parking bat egiteko aukera hipotekatuko luke».
Aparkatzeko arazoaren gaia ez da berria antxotarrentzat, eta azken aldian pil-pilean bazegoen, are gehiago goritu da azken berriekin, ezen Luzuriagako parkingeko hainbat toki okupatu beharko dituzte laburki, obrak egin bitartean.
Gauza da anbulatorioaren atzealdean tunel antzeko bat egingo dutela, bidea Altzarekin lotzeko. Zulatzean, «lohia» erauziko dute mendi hegaletik, Gomezek azaldu duenez, eta material hori aparkalekuaren zati batean utzi beharko dute behin-behinean.
Galera arintzeko ibilgailuentzako gune berria sortu dute Molinaora bidean, Luzuriaga pasata; horrez gain, Papin partzelaren zati bat erauzitakoa pilatzeko erabiliko dute, ahalik eta espazio gutxien kentzeko egungo parkingari.
«Zerbait okupatuko dute», aitortu du buruak, «baina ezberdina da 110 plaza kentzea, edo erdia».
Antxotarren zauria zabalik da
Ulerkor agertu da Gomez antxotarren haserrearekin (elkarretaratzean ez ezik, azken udalbatzarrean ere ageriko egin zuten euren ezinegona); badaki ebakiak zornea duela, eta hori garbitzearen alde egin du: «Esleipendun enpresak obren plana aurkeztearen zain gaude. Hori eginda, ETSri eskatu diot antxotarrei bilera batean azaltzeko lanen nondik-norakoen detaileak».
Planifikazioa eskuetan izan arte ezingo dute data ofizialik eman, ez eta eragingo dituzten afekzioak zehaztu; orain arteko informazioa «gida orokorra» besterik ez dela argitu du.
Datozen urteetara begiak altxatuz, itxaropentsu agertu da udalburua: «Antxotarrek badakite zer den barrutia erdibitzen duen zauri bat izatea, eta larregi jasan behar izan dituzte horren arazoak».
Sinetsita dago topoaren lurperatzea ebakia orbaintzeko sendabide izango dela, baina zalantzarik ez du infekzioak utziriko erresumina arintzeko sendagaiak ezinbesteko izango direla.