Pantalan berria dute sanpedrotarrek arraun elkartearen parean
Udal arduradunek adierazi dute aurreko egitura "oso hondatuta" zegoela. Sanpedrotarra Arraun Elkartea eskertuta agertu da instalazio berriarekin.
Atzo -osteguna- bukatu ziren Sanpedrotarra Arraun Elkartearen egoitzaren parean dagoen pantalan berria instalatzeko lanak. Egitura Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin sinatutako hitzarmenari esker instalatu du Pasaiako Udalak.
Udal arduradunek adierazi dute puntu berean itsasorako sarbidea ahalbidetzen zuen pantalan zaharra “oso hondatuta” zegoela, eta ezinbestekotzat jo dela egitura berria instalatzea, uretarako “sarbide segurua” eta hezkuntza nahiz kirol jarduerak “baldintza onetan” egitea bermatu ahal izateko.
Arraun elkarteak denbora zeraman kirolarien jarduna “baldintza egokietan” gauzatu ahal izateko pantalan berria eskatzen. Gaur, sare sozialen bidez eskertuta agertu dira arduradunak udalarekin, egitura berria gaitu izanagatik.