Sergio Pereirak 'La maldición de los inocentes' liburua aurkeztuko du
Aurkezpena barrutiz barruti egingo du, Trintxerpetik hasita. "Inor axolagabe utziko ez duen eleberri bizia, atsegingarria, jakin-min handikoa".
Sergio Pereira Zumalakarregi (Pasaia, 1979) idazleak La maldición de los inocentes liburua aurkeztuko du datozen asteetan, barrutiz barruti. Lehena hurrengo ostegunean izango da, Trintxerpen. Hona hemen hitzorduak (19:00etan hasiko dira guztiak):
- Azaroak 5, ostirala, Trintxerpeko liburutegian.
- Azaroak 11, osteguna, Donibaneko udal liburutegian.
- Azaroak 19, ostirala, San Pedroko Antxeta elkartean.
- Azaroak 25, osteguna, Antxoko udal liburutegian.
Autorea bere laugarren eta azken lanaz mintzatu da: “Eleberri bizia, atsegingarria, jakin-min handia sortzen duena, eta inor axolagabe utziko ez duena”. Pereirak ziurtatu du ez dela azkena izango, hainbat proiektu baitauzka buruan, hurrengo urteetan garatzen joango dena.
XIX. mendearen amaieran girotutako eleberri beltza da pasaitarraren azkena, “suspense etengabea duena, eta irakurlea hasieratik bukaerara harrapatuko duena”. Industrializazioak eta karlistaldien ondorioek markatutako garaira lekualdatuko du irakurlea eleberriak, benetan gertatutako kontakizunen bidez.
Sinopsia
Bilbo, XIX. mende bukaera. Hiria izugarri hazten ari da, industrializazioaren ondorioz; aldi berean, hilketa ilun batzuk gertatuko dira auzo apalenetan. Hilketa horiek bertako bizilagunak aztoratuko dituzte, eta kinka larrian jarriko dute polizia-kidegoa, nahikoa urria dena, horretarako prestatuta ez dagoena, eta lehendik ere gainezka zegoena, azken urteetan delinkuentziak izan duen gorakada kezkagarriaren ondorioz.
Ikerketaren buru den Moises Velarde inspektoreak hemeretzigarren mendeko bazter-zuloetan barrena eramango ditu irakurleak, karlistaldien ondorioak agerian uzten dituen bazter-zuloetan barrena.
Bien bitartean, Sebastian Aguirrek, arrakasta gutxiko idazle gipuzkoar batek, gertakari horietan eta Bizkaiko hiriburuaren elitea inguratzen duten beste misterio batzuetan nahasia ikusiko du bere burua, eta trama konplexu bezain harrigarri hori argitzea beste aukerarik ez du izango, haren errugabetasuna frogatzeko, eta baita bizitza salbatzeko ere.
Aguirrek eta Velardek nork bere aldetik beren ikerketa partikularretan aurrera egiten duten heinean, giro ilun eta maltzurra nagusituko da narrazioan, oso ondo egituratutako narrazioa, zenbaitetan denboran atzera egiten duena.
Etxe sorgindu batek, txanponez osatutako altxor batek eta gizarte sekretu asaldagarri batek puzzle liluragarri eta beldurgarri bat osatzen dute.
Thriller historiko guztiz bikaina, maisutasunez kontatua, irakurlea lehen orrialdetik azkenera harrapatuko duena. Aztoragarria, lazgarria eta harrapatzailea hasieratik amaierara.