Azaroaren 25aren harira, ekitaldi sorta Lezon
Herriko eragileek, udalarekin elkarlanean, hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira Lezoko eragileak antolatu dira, eta egitaraua osatu dute hilaren 6an hasita. Lezoko Udalak h0nako eragileekin elkarlanean osatu du ekitaldien zerrenda: Lezoko Emakume Taldea, Gaxuxa Elkartea, Kuadrillategi, Lezoko Osasun Zentroa, Musika Eskolako ikasleak, Lezo Institutua, Lezo Herri Eskola, eta Pasaia-Lezo Lizeoa. “Kanpainaren bitartez indarkeria matxista gaitzetsi eta berdintasuna aldarrikatu nahi dira”, zehaztu du udalak.
Ekitaldien deitzaileek adierazi dute COVID-19agatik izan diren konfinamenduak, mugimendu murrizketak, eta harreman mugak indarkeria matxista ugaltzeko “haztegi” izan direla, eta emakumeen kontrako erasoak areagotu egin direla: “Egoera larri horren aurrean, azaroaren 25aren harira antolatutako ekintzetan parte hartzera deitu nahi ditugu lezoarrak, indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura delako, eta indarrak batzea ezinbestekoa delako”.
Herriari aldarri kutsua emateko, balkoietan zapi gorriak zintzilikatzeko eskatu diete herritarrei hilaren 22tik 28ra (horiek azaroaren 15eko astean jaso ahal izango dira udaletxean, txapa moreekin batera), 2003tik aurrera hildako emakumeen izenak daramatzatenak, alegia. Era berean, dendetan zapata gorriak jartzeko eskatu dute. Zapiak egiteaz Gaxuxako eta Kuadrillategiko kideak arduratu dira; zapatak osasun zentroko kideek margotu eta banatuko dituzte.
Honakoa da egitarau zehatza (denak doan dira):
- Hilak 6, larunbata. 18:30ean, Gezalan, Loredi Salegik gidatutako zine-foruma antolatu du Gaxuxak, 7 diosas lanarekin.
- Hilak 12, ostirala. 19:30ean, Gezalan, Quien bien te quiere te hará reir klownferentzia antolatu du Gaxuxak, helduei, gazteei eta nerabeei zuzendutakoa.
- Hilak 13, larunbata. 12:30ean, Gezalan, Musika Eskolako ganbera taldearen kontzertua.
- Hilak 2o, larunbata. 19:30ean, Gezalan, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua Lezoko Emakume Taldearen ekimenez.
- Hilak 22, astelehena. 19:00etan, Koldobike Gezala pilotalekuan, emakumeen lasterkari taldearen lehen hitzordua. Astean behin egingo dituzte korrika saioak. Parte hartu nahi duenak bertara gerturatu besterik ez du egin behar.
- Abenduaren 18an. 10:00-14:00 eta 1600-20:00 tarteetan, Bekoerrota kiroldegian, 16-18 tarteko gazteentzat autodefentsa feminista ikastaroa. Izen ematea hilaren 26an egin behar da, kiroldegian eta 943 51 03 11era deituz.