2022ko Pasaia Itsas Festibala barrutiz barruti aurkeztuko dute
Astelehenetik ostegunera, barruti bakoitzeko bilera bana egingo dute 2022ko maiatzaren 26tik 29ra ospatuko den kultur jaialdia bizilagunei aurkezteko.
2020ko maiatzerako aurreikusita zegoen Pasaiako 2. Itsas Festibala bi urtez geroratu behar izan zuten pandemiaren ondorioz. Atzerapenak atzerapen, dagoeneko martxan dira bigarren ekitaldirako prestakuntzak, eta jaialdia herritarrei gerturatu nahi diete lehendabizi.
Barruti bakoitzeko aurkezpen bilera bana egingo dute datorren astelehenetik ostegunera bitarte. Topaketa horietan ekitaldiari buruzko xehetasunak emango dizkiete bizilagunei, bai eta haien iritzia eta egin nahi dituzten proposamenak jaso ere. Honakoak dira hitzorduak:
- Hilak 8, astelehena, 19:00etan, Donibaneko Udaletxean.
- Hilak 9, asteartea, 19:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzan.
- Hilak 10, asteazkena, 18:00etan, Antxoko Kultur Etxean.
- Hilak 11, osteguna, 19:00etan, San Pedroko Alkateordetzan.
2022ko maiatzaren 26tik 29ra Pasaia itsas kulturaren eta ondarearen etxe bihurtuko da berriro. Hori dela eta, funtsezkotzat jo dute antolatzaileek pasaitarren inplikazioa, eta beraz, bilerekin bat egitera animatu dituzte. Joatekoak direnei posta elektroniko bidez abisa dezaten erregutu diete, eguna eta barrutia zehaztuz; 697 67 26 92 telefono zenbakira ere dei dezakete.