Espainiako Gobernuak 8.200 emango dizkio Lezori, indarkeria matxistari aurre egiteko programetarako
Joxean Sanchez Lezoko PSE-EEren buruak albiste pozgarritzat du neurria, besteak beste Berdintasun Plan berrirako lagungarri delako.
Lezoko PSE-EEk jakinarazi du Espainiako Gobernuak 8.267 euro emango dizkiola Lezoko Udalari transferentzia bidez, indarkeria matxistaren kontrako borrokarako, tartean sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak, koordinazio mahaiak, lankidetza tresnak eta biktimei arreta daudelarik. Espainiako Gobernuaren indarkeriaren kontrako Estatu Itunetik dator ditu zati hori. Joxean Sanchez Lezoko PSE-EEren buruak “albiste aparta” dela nabarmendu du, udalak baliabide gehiago izango dituelako emakumeen kontrako “izugarrikeria desagerrarazteko”.
Sanchezek adierazi du, gainera, hilaren 16an aurkeztuko den Berdintasun Planari “bultzada handia” emango diola laguntza horrek, bat egiten duelako Lezon ezarri dituzte helburuekin: “Eskubide politiko, zibil, ekonomiko, sozial eta kulturaletan benetako berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiten jarraituko du plan horrek. Nola ez, PSE-EEren nahia da onespenean adostasun handiena lortzea”.
Herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak laguntzeko Espainiako Gobernuren urratsa eskertu egin du Sanchezek, “prebentzio, detekzio, berdintasunean oinarritutako hezkuntza eta genero-indarkeriaren aurkako borrokarako prozedurak martxan jartzeko lekurik onena da udala. Horrela, baliabide ekonomiko horiek emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta desagerrarazteko helburuak lortzen lagunduko dute, era arrakastatsuagoan”.