Kuxkuxeroak, gazteentzat euskal erreferenteak sortzeko
Gazteentzako erreferentziazkoak diren kultura, kirola, musika edota telebistako pertsona ezagunak gonbidatzen dituzte zuzeneko hartu emana izan dezaten.
Zer ikusi hura ikasi. Hala dio esaera zaharrak, eta horri jarraituz eragin nahi dute Oarsoaldeko gazteengan euskaraz bizi daitezen. Ez da erraza lana, eta horren adierazle argiena euskararen ezagutza eta erabileraren arteko tarte zabala da. Gazteengan eragiteko, haien hizkuntz ohituretan euskararen alde egin dezaten jarri zuten martxan Kuxkuxeroak proiektua, Kuadrillategi programan parte hartzen ari diren gazteei zuzenduta.
Gazteentzako erreferentziazkoak diren kultura, kirola, musika edota telebistako pertsona ezagunak gonbidatzen dituzte zuzeneko hartu emana izan dezaten. Euskaraz bizitzea ederra izateaz gain, egingarria ere badela jasotzen dute trukean. Helburua hori baita, gazteen kuadrillen artean, lagunartean, euskaraz aritu daitezen.
Udaberrian bezalaxe, udazkenean ere saioak eskainiko dituzte. Horietan hiru pertsona ezberdinek hartuko dute parte Oarsoaldeko lau herrietan. Pasaia izango da lehena, eta Kai Nakai abeslari gaztea hartuko du ostiral honetan bertan; Oiartzunen ere bera arituko da gazteekin solasean hilaren 12an. Errenteria-Oreretaren kasuan, hilaren 19an El Conquis saioko kapitain eta prestatzaile fisiko Isma Mateo izango da. Lezon, berriz, Zuhaitz Gurrutxaga aurkezle, aktore eta umoregilearen bisita jasoko dute gazteek, hilaren 26an. Saioak zuzenekoak izango dira osasun neurri guztiak bermatuta.
Ibilbide profesionala eta bizipen pertsonalen berri ematen diete gazteei parte hartzen duten pertsona ezagun horiek, eta gazteek galderak egiteko aukera ere izaten dute saioetan. Solasaldi interesgarri eta atseginak sortzen dira euren artean, gehienetan. Erreferentzialtasuna behar du euskarak Oarsoaldeko Euskara Batzordearen ustetan—bera da proiektuaren sustatzaile— eta Kuxkuxeroak horretarako aukera paregabea da.