Helduei begirako animazio filma, OzZinemaren eskutik
Bestelako begirada bat eskaintzen jarraitzen du OzZinemak. Oraingoan, helduei begirako animazio filma aukeratu du zineklubak ikusleak txunditzeko.
Bestelako begirada bat eskaintzen jarraitzen du OzZinemak. Oraingoan, helduei begirako animazio filma aukeratu du zineklubak ikusleak txunditzeko. Charlie Kaufmanen gidoia eta haren zuzendaritzapean egindako Anomalisa izango da pantaila handian astearte arratsaldean.
Jende motibatzen urteak eman ostean, eta egiteko hori lanbide bilakatu duen gizonaren bizitza errutinak jaten du. Badirudi amore emanda ez dagoela prest bizitza gris eta tristea aldatzeko ezer egiteko. Egun batean, baina, dena aldatuko da, neska berezi bat bere bidean gurutzatzen zaionean. Dena uzteko prest izango da gizona, neskarekin egotearren.
Askotariko sentsazioak sortuko ditu filmak ikuslearengan; nahasmena lehenik, ikuslea harrapatzeko moduko trama, etsipena gero, eta hausnarketarako bidea zabaldu amaieran. Ordu eta erdiko animazio film bikaina helduentzat, zekenkeria, ironia, amorrua, desilusioa, umore beltza, sufrimendu isila, eta bakardade dosiak neurrian, erabat deserosoa den egiaz blaitutako filma.
Veneziako zinemaldian epaimahaiaren sari nagusia lortu duen lehen animazio filma da Anomalisa.
Emanaldia asteartean, hilaren 9an, 19:30ean Niessen zinemetan. Sarrerak, 4 euroan dira salgai.