[Bideoa] Ikastolak, Errigorari puzka
Errigora egitasmoa kanpaina betean da. Haiei bultzada emateko Oarsoaldeko ikastolek ekitaldia antolatu zuten joan den astean.
Errigora iniziatiba kanpaina betean da, Euskarari puzka du izena udazkeneko kanpainak. Horren arabera, nahi duten guztiek Nafarroa hegoaldeko produktuen sorta edo saskiak eskura ditzakete, hainbat helbururekin: Euskal Herriko zonalde hartako ekoizleak laguntzea batetik, eta bestetik, hango euskalgintzari bultzada ematea. Oarsoaldeko ikastolen ekimenez (Orereta Ikastola, Haurtzaro Ikastola eta Pasaia-Lezo Lizeoa), ekitaldia egin zuten joan den astean Niessenen, Errigorako saskiak erosteko erabiltzen den diruak zer bide hartzen duen jakinarazteko. Orereta Ikastolak gidatu zuen saioa, eta ikastoletako hezkuntza komunitateetako kideez gain, hainbat eragileren presentzia izan zen aretoan. Ikastolatik Ikastolara egitasmoaren barruan kokatu behar da jarduera.
Bertan, Agerraldia proiektuaren berri eman zuen bertako kide Ibai Sueskunek; euskararen alfabetatze eremu formaletik (ikastolak, euskaltegiak) euskarak Nafarroa hegoaldean tokia izan dezan lanean ari den egitasmoa da Agerraldia. Gainera, Nafarroako ekoizleek Errigorarekin duten harremanaren gaineko bideoa eman zuten, eta nola ez, hango bi ikastolatako zuzendariek euren testigantza zabaldu zuten: Lodosako ikastolako Miren Balmasedak eta Tuterakoaren buru Saioa Crespok. Nekane Artola Ikastolen Elkarteko artezkaritza kontseiluko kideak ere hitzaldirako tartea hartu zuen. Nola ez, Errigorako Iker Ajuriak egitasmoa zertan den azaldu zuen.
Jarraian, ekitaldi osoa laburbiltzen bideoa ikus daiteke, Orereta Ikastolak HITZAra bidalitakoa.