Hitzaldia, tailerra eta dokumentala, ostegunean, Bekoz Bekon
'Jane Jacobs: Hirigintza eta gizartea' hitzaldiarekin hasi, barrutiz barrutikako tailerra egin eta dokumental labur baten aurkezpenarekin bukatuko da saioa.
Etzi, osteguna, Jane Jacobs: Hirigintza eta gizartea hitzaldia eskainiko dute Antxoko Bekoz Beko elkartean, 18:30ean. Sarrera doakoa da eta hiru ardatz nagusi izango ditu: hitzaldia, tailerra eta dokumentala.
Jane Jacobsen kanadar aktibistari buruzko hitzaldia Alvaro E. Olaiz eta Victor Aspe arkitektoek emango dute, biak Impact Hub Donostiako kooperatibistak, UKolektiboaren sortzaileak eta Jane Jacobsen Pasealekuen arduradunak.
Saioa bukatzean tailerrarekin hasiko dira. Bertan, mapa batean, Pasai Antxoko, Pasai San Pedroko, Pasai Donibaneko eta Trintxerpeko puntu “beltz eta gatazkatsuak” identifikatuko dituzte.
Azkenik, Iñaki Luis de Luzek egindako Txomin eta Loiola auzoei buruzko dokumental laburraren aurkezpena egingo dute, Nortefilms, Alvaro E. Olaizen laguntzarekin gauzatutakoa.