Bidezko merkataritza, Xabier Olaskoaga plazan
Telleri Alde ikastetxeko Korazonisten gobernuz kanpoko erakundeak larunbaterako antolatu du bidezko merkataritza gunea, 10:30etik 13:30era.
Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, larunbatean (hilaren 13an) itzuliko da bidezko merkataritzako gunea Xabier Olaskoaga plazara, Telleri Alde ikastetxeko Korazonisten gobernuz kanpoko erakundearen ekimenez. Plazaren sarreran jarriko dira. 10:30etik 13:30era izango dira han.
Telleri Aldetik jakinarazi dute bidezko merkataritza, nazioarteko merkataritzaren alternatiba dela “azken honek kontuan hartzen dituen irizpide ekonomikoen aurka”. Balio etikoak barnebiltzen ditu bidezko merkataritzak, alderdi ekologikoa, soziala eta generokoa oinarritzat hartuz.
Irabazi asmorik gabeko jarduera izango da larunbatekoa, bi helburu nagusirekin antolatzaileek zehaztu dutenez: “Batetik, garapen bidean dauden herrialdeetako produktuak ezagutaraztea, produktu horiek egiten dituzten komunitateak lagunduz; eta bestetik, laguntzaile gazteek lan solidario eta desinteresatua egitea”.