Feminismo dekoloniala eraikitzeko aliantzak josten
Emakumeen Etxeko programazio lantaldeak, Garaipen Elkartearekin elkarlanean antolatutakoak dira mintzaldiak.
Emakumeen Etxeko programazio lantaldeak, Garaipen Elkartearekin elkarlanean, agenda feminista aberasteko hiru hitzaldi antolatu ditu. Hausnarketa eta eztabaida sortzea dute helburu horien bidez, ezinbestean landu behar diren eduki eta praktiken inguruan sareak eraikiz. Hiru hitzaldi horietako hirugarrena eta azkena, larunbatean egingo dute, 11:30etik 14:30era Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan.Politika feminista inklusiboak, arrazakeriaren aurkakoak, eta dekolonialak eraikitzeko aliantzak eta estrategiak eskaintzea izango du helburu larunbateko saioak.
Hiru hizlari gonbidatu dituzte: Fatma Galia Ali kazetari sahararra, militante feminista, giza eskubideen aldeko ekintzailea, eta Munduko Emakumeak elkarteko kidea; Silvia Zuniga, Nikaraguako ekintzaile lesbofeminista Bilbon erbesteratua, Nikaraguako Feministen Sareko Espainiako Estatuko kide, eta EH Feminista Nica elkartearen sortzaileetako bat; eta Carme Vidal politologoa eta feminista, Anawanti nazioarteko sareko kide, eta Revisant Privilegis proiektuko kidea.
Zuzenean eta online jarraitu ahalko da mintzaldia. Izena eman behara da formatu baterako zein besterako aurretik posta elektronikora idatzita.
Emakumeen Etxeak ateak zabalik dituela gogorarazi dute azkenik, astelehen eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara eta asteartetik ostegunera 16:00etatik 20:00etara.