[Elkarrizketa] «Argazkiak egiten surfean bezainbeste gozatzen dut»
Olatuen barnean bizi zuena harrapatzeko gurak piztu zion itsas argazkilaritzarekiko zaletasuna. Bisorearen bestaldean ikusten duena lehorreratzen dihardu ‘Gorka Gurdi’ argazkilari oiartzuarrak.
Gorka Ezkurdia Irastorza (Oiartzun, 1997), gertukoentzat Gorka Gurdi, 10 urterekin hasi zen lehen olatuak hartzen, eta uretan sentitzen zuena lehorrera lekualdatzeko modua aurkitu zuen argazkilaritzaren bidez. «Txikitatik, gurasoei esker» itsasoarekin izan duen loturak eraman du olatuak etxe sentitzera; bertatik, korronteekin jolasean, egiten ditu argazkiak.
Gaztea den arren, ez da laburra bizkarrean daraman ibilbidea: beste hainbaten artean, Shakira, Aritz Aranburu, edota Egiguren anaiak fotografiatu ditu. Pukas, UPsurf-board, Wave Garden, RedBull eta Ostarte Sailing bezalako marka sonatuek ere kontratatu izan dituzte oiartzuarraren zerbitzuak.
Zer izan zen lehenago, surfa edo argazkilaritza?
Surfa izan zen lehenengo, nire anaia Urkori oparitu zioten surf taula batekin hasi zen dena. Itsasoa betidanik gustatu izan zait eta surfa probatu nuenean, liluratu egin ninduen. Futbola utzi eta surfean buru-belarri hasi nintzen 16 urterekin.
Noizean behin uretan bizitzen genuena islatzeko beharra sentitzen nuen, eta horregatik hasi nintzen Gopro batekin uretara sartzen. Guztiz engantxatu nintzen horrela. Denborarekin marka ezberdinak nirekin harremanetan jartzen hasi ziren eta nire ekipamendua hobetzea erabaki nuen. Udaran surf monitore bezala lan egin izanagatik aurreztuta nuen diruarekin kamera eta karkasa bat [uretarako] erosi nituen eta geroztik nire egunerokoa bihurtu da argazkilaritza.
Egun, nola uztartzen dituzu biak?
Itsas baldintzen arabera edo lanaren arabera egiten dut gauza bat edo beste. Baldintzak onak baldin badira, argazkiak ateratzera sartzen naiz, eta bestela surf egiten dut. Askok galdetzen didate zergatik ez naizen beti surf egitera sartzen eta denei berdina erantzuten diet: argazkiak egiten surfean bezainbeste edo gehiago gozatzen dudalako.
Zein baldintza dira egokienak, bada?
Beti esan izan dut edozein baldintzatan jakin behar dela kalitatezko argazkiak ateratzen, baina argi dago, dena alde duzunean, lana errazagoa dela. Niretzako, baldintza egokienak eguraldi eguzkitsua, bi metro inguruko olatu politak eta, nola ez, surflari profesionalak.
Arrisku puntu bat ere badu zure lanak.
Bai, noski. Itsasoari errespetu handia eduki behar zaio, normalean uretara sartu aurretik beti hamar bat minutu pasatzen ditut itsasoa aztertzen edozer gauza gertatuz gero zer egin behar dudan jakiteko: nondik atera, korronteak non dauden, eta abar.
Momentuz ez dut egoera larririk bizi izan uretan, susto batzuk bai, baina zer egin behar nuen banekien, beraz ez zait ezer gertatu, eta espero dezagun hala jarraituko duela!
Gogoan duzu kamera bat lehenengoz eskutan hartu zenuenekoa?
Gogoan dut 13 bat urterekin izeba Aloña ikusten nuela kamerarekin argazkiak ateratzen, eta harekin saltsan ibiltzen nintzela. Badakizu, saltseroa izaki eta geldirik ezin egon! [barre egin du]. Nire lehenengo argazkiak telefonoarekin ateratzen nituen, eta 16 urte nituela nire lehenengo kamera erosi nuen.
Nolakoa izan da zure bilakaera ordutik?
Argazkilaritzaren inguruko hainbat esparru probatu ondoren, itsasoan gertatzen dena argazkietan islatzeko erraztasuna nuela sentitzen nuen, eta nire eguneroko ahalegin eta lanari esker ikasi dut gaur egun dakidan guztia.
Zure lanak oso espezifikoak dira. Zergatik?
Momentu bakoitzean leku konkretu batean egon behar delako, eta itsasoarekin borrokatuz, gainera. Lehendik surflari izateak asko lagundu dit kokapen egoki horiek aurkitzen.
Zure argazki gehienak uretatik egindakoak dira. Zergatik horrela, eta ez kanpotik teleobjektibo batekin?
Oso urduria naizelako eta uretatik kanpo argazkiak ateratzen geldirik egotea asko kostatzen zaidalako [barre egin du]. Beti pentsatu izan dut kanpotik edonork atera ditzakeela argazkiak, baina uretan egiten ditudanean momentu horretan nik bakarrik edo uretan gaudenok soilik izan dezakegun ikuspegi bat jasotzen dute, eta hori asko gustatzen zait.
Zein erronka dituzu aurretik?
Etorkizunera begira, asko gustatuko litzaidake uretako argazkilaritzaz bizitzea, baina badakit oso zaila dela, eta epe laburrera planteatzen dut horretan jarraitzea.
Luzera begira, GorkaGurdi marka sortzen ari naiz, itsasoaren inguruan zerbitzu eta produktuak eskaintzeko asmoarekin: egutegiak, kamisetak, koadroak… eta, nola ez, argazkilaritza zerbitzuak. Asmoen artean, itsasoko argazkilaritza ikastaroak ematea ere badaukat.
Joan den hilabetean Donostiako Zurriola hondartza garbitzeko jardunaldia antolatu zenuten.
Borja Agote surflari donostiarraren eta bion ideia bat izan zen; denbora asko daramagu gure itsasoetako zabor pilaketen ondorioak gertutik pairatzen. Ezin dugu imajinatu ere egin zenbat hondakin plastiko ateratzen dituzten olatuek hondartzetara, eta horregatik hasi zen dena.
Momentu hauetan bai Borjak eta nik neuk ere publiko handi bat dugu gure atzetik, eta hori baliatuz hondartza garbiketa bat antolatzea erabaki genuen. Espero genuena baino jende gehiago gerturatu zen. Oso garbiketa arrakastatsua izan zen, eta zabor piloa bildu genuen. Gure asmoa da kostaldeko hainbat lekutan horrelako beste jardunaldi gehiago egitea, behar handia dagoelako eta gazteen eta helduen kontzientzia aldatu nahiko genukeelako.




