[Elkarrizketa] «Gurasotasuna zaila da askotan, eta are gehiago ez badugu lorik egiten»
Etxeko egoerarekiko «etsipenak» bultzatuta ekin zion Valverdek (Antxo, 1988) haurren loaren eta elikaduraren formakuntzari. Gaur-gaurkoz, hark bizi izan zuen egoeran dauden familien bidelagun lanetan dihardu.
Alazne Valverde, 10 hilabeteko Aia alaba besotan duela. Haurren loaren aholkularia zara. Zertan datza, zehazki, zure lanbidea?
Txikiek jaiotzez dakite lo egiten, baina askotan laguntza behar dute lo faseak garatzeko, guztiz normala eta naturala da. Askotan, ordea, bai txikiek eta bai gurasoek, ez dugu ondo deskantsatzen eta konponbideak behar ditugu, arazoa hor dator, ez baitakigu zer egin.
Orduan hasten da nire lana, familiak egin nahi dituen aldaketak aurrera eramaten laguntzen diet; logela aldaketa, sehaskatik ohera pasatzeko trantsizioa, gauean askotan esnatzen direnean, lo egiteko beti bularra, biberoia edo dena delakoa behar dutenean….
Gai honekin lotura zuzenik ez duten bi gradu eta master bat dituzu. Nola heldu zara gaur egun zauden lekura?
Pandemiaren ondorioz konfinatuak ginela, Inarik, nire semeak, bi urte bete zituen [alaba gazteago bat ere badu]. Aurretik ere asko irakurtzen nuen hazte prozesuari buruz, baina momentu horretan, gure ohean egiten zuen lo eta bularra nahi bezain beste hartzen zuen, goizez eta gauez. Ezin nuen egoera horretan jarraitu; teoria ondo nekien, baina hori praktikara eramatea ez zen gauza erraza.
Momentu horretan, justu, haurdun nengoela jakin genuen nire bikoteak eta nik, eta orduan jakin nuen, ezbairik gabe, aldaketa beharrezkoa izango zela: pandemia, bi ume, lana eta gauean ezin lorik egin, gehiegi zen niretzat.
Koronabirusa zela-eta dena hankaz gora zegoen, eta argi neukan beste ume batekin familiaz gozatu nahi nuela, beraz, pentsatu gabe Estatu Batuetako formakuntzarekin hasi nintzen [Gentle Sleep Coach titulua lortzeko]. Horrela etxekoekin egoteko denbora nuen, eta aldi berean, nire egoeran zeuden beste familiei laguntzeko ere.
Nola egiten duzu lan?
Familiek aukera ezberdinak dituzte: ordubeteko bisitak egitea, elkarrekin plan bat sortu eta haiek nahi dutenean martxan jartzea, edota plana sortu eta nire jarraipenarekin hiru astez elkarrekin lan egitea. Azkeneko metodologia horrekin egunero-egunero gaude harremanetan.
Funtsezkoena da bai gurasoak eta bai txikiak prozesuan gustura sentitzea, horregatik pixkanaka eta maitasunarekin egin behar dira aldaketak. Nirekin harremanetan jartzen diren familiek behar ezberdinak dituzte, eta loa, gainera, umea hazten doan heinean aldatzen doa, baina zenbaitetan helduen laguntza behar du bide horretan; momentu zail horietan nire babesa dute beti. Gurasotasuna zaila da askotan, eta are gehiago ez badugu lorik egiten.
Haurrek lorik ez egitea, ezta gurasoek ere. Ohikoa da hori?
Bai, ohikoa da. Normalean gurasoak euren kabuz saiatu dira egoera hobetzen nigana jo aurretik, eta ezin lortu horretan jartzen dira nirekin harremanetan. Lorik ez egitea ez da batere osasuntsua, eta azken batean, familia ongi egoteko ezinbestekoa da.
Errutinez asko hitz egiten duzu. Zer dira eta zergatik dira garrantzizkoak?
Errutinak nahigabe sortzen ditugu gure egunerokoan, lasaitasuna eta konfiantza ematen baitigute, eta hori da, hain zuzen ere, txikiek behar dutena. Lo egitera joan aurretik egunero jarduera edo ekintza berberak errepikatuta umeek ondoren zer datorren ikasten dute, eta horrela segurtasuna ematen diegu.
Funtsezkoa da, haurrak begiak lasaitasunez itxi ditzan, gauean gurasoak behar baditu hor egongo direla jakitea.
Zer-nolako familiak artatzen dituzu?
0 eta 3 urte bitarteko haurrak dituzten familiak artatzen ditut. 6 hilabete baino gutxiagoko seme-alabak badituzte, ordubeteko aholkularitza saioak egiten ditut, non zalantza guztiak galdetu eta elkar parteka ditzakegun. Adin horretatik beherako haurrekin ez dut plan espezifikorik egiten, oraindik ez dute heldutasun nahikoa horretarako.
