Lezoko asteburuan, zinema, musika eta antzerkia
Bihar musika eskolako ikasleen kontzertua, eta Zinema Ttikiaren emanaldi bikoitza. Etzi, musika gehiago eta antzerkia Gezalan.
Behobia-Donostiaz eta herriko kirol taldeen norgehiagokez gain, Lezon bada zer egin asteburuan. Askotariko kultur programazioa dago biharko eta etzirako. Musika, zinema eta antzerkia horien oinarrian.
Bihar, 12:30ean eta Gezala Auditoriumean, Tomas Garbizu Lezoko Udaleko Musika Eskolako ikasleek eta irakasleek Santa Zeziliako kontzertua emango dute.
Bihar ere, baina arratsaldez, Lezoko Zinema Ttikiaren emanaldi bikoitza: 16:30ean, haurrentzako animazio filma Ipuin herriko berriak lanarekin; 19:00etan, berriz, Paperezko hegoak dokumentala, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren gainekoa.
Igandean, eta Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren egitarauaren barruan, Tomas Garbizu Musika Eskolako txistulari taldeak kalebuelta egingo du herritik 10:00etan hasita.
Igandeko 20:00etan, berriz, antzerkia Gezalan. Amua obra taularatuko du Axut konpainiak. Sarrerek zortzi euroko prezioa dute.