'Lidergo eza' eta 'geldotasuna' egotzi dizkio PSE-EEk gobernu taldeari
Agintaldirako aurkeztutako proiektuak ez dutela exekuzio planik esan du Isaac Palencia PSE-EEren bozeramaileak.
Agintaldi Planaren balantzea egin zuen joan den urriaren 30ean gobernu taldeak Aizpea Otaegi alkatearen ahotik Leuona Fabrikan. Bi aste pasata, alderdi sozialistak haren gaineko balorazioa zabaldu du prentsa ohar bidez. Gobernu taldeari, “lidergo eza” eta “geldotasuna” egotzi dizkio, eta “Errenteriarentzat aldaketa” galdegin du. Agintaldirako aurkeztutako proiektuak ez dutela exekuzio planik esan du Isaac Palencia PSE-EEren bozeramaileak eta horietako batzuk aipatu ditu: Barandiaran parkea, Galtzarabordako kiroldegiaren handitzea, Olibeteko aparkalekuak, Gaztañoko igogailua, biblioteka zenean adinekoentzat egin beharreko etxebizitzak, Beraungo biblioteka, edota Beraun, aita Donosti, Maurice Ravel, Iztieta eta Gabierrota kaleen berritzea.
Alternatiba bat aldarrikatu du Palenciak, “eta soilik PSE-EEk gida dezake”. Alderdi sozialistak zuzendutako beste instituzioetatik egindako proiektuak bereganatzea leporatu dio Palenciak Aizpea Otaegi alkateari, bestalde. Amaitzeko enplegua eta errenteriarren berdintasuna sustatzea dituztela lehentasun esan du PSE-EEkoak.