Maddi Sansberro, deportatu zuten erresistentea
Maria Josefa Sansberro Etxeberria oiartzuarra deportatu egin zuten, soldadu alemaniarren kontrako erresistentzian parte hartzeagatik. Bihar 77 urte beteko dira hil zela; jaioterrian omenduko dute.
Oiartzungo Udalak, bi udal taldeen kontsentsuarekin, 1936tik gaur egun arteko giza eskubideen urraketak lantzeko dinamika abiarazi zuen duela urtebete. Aranzadi elkartearekin hitzarmena sinatu zuen urraketa horiek guztiak ikertzeko, eta hainbat ziklo abiarazi zituzten: 1936an errepresaliatutako udalbatzarrari omenaldia; Oroimena eta egia. Bizkidetzaren bidea hitzaldi zikloa; Burgoseko Prozesua. Frankismoari epaiketa erakusketa…
Aste honetan beste gai bat lantzen ari dira: nazien kontzentrazio esparruetara eramandako euskal herritarren kasua. Tartean zen Maria Josefa Sansberro oiartzuarra —Maddi esaten zioten—.
Horren harira, Errenteria-Oreretako La Ilusion elkartearen gaiari buruzko erakusketa ikus daiteke Urdinola-Arizmendienea etxean, bihar arte. Bihar eguerdian aitortza ekitaldia eskainiko diote udaletxeko pleno aretoan —12:00etan hasita—, hil zeneko 77. urteurrenean. Hasiera batean Arizmendienean egingo zen, baina eguraldi iragarpenak tokialdatu du.
Oroimenerako astea hasteko, hitzaldia egin zuten astelehenean. Etxahun Galparsoro historialariak deportatu zituzten euskal herritarrak izan zituen hizpide. Testuinguru orokorra marraztu zuen lehendabizi, Maddi Sansberroren bizitzaren errepasoarekin bukatzeko. «Ipar Euskal Herriko deportatuek bere garaian jaso zuten aitortza, baina Hego Euskal Herrikoek ez. Ez dakigu ezer haiei buruz, memoria kolektibotik at daude», adierazi zuen. Doktoretza tesia gai horrekin egiten ari da.
Galparsoro berari interesa piztu ziona bere osaba Marcelino Bilbao izan zen. 1936ko Gerran Isaac Puente Batailoian borrokatu zen, baita beste hainbat gudaldietan ere. Frantzian errefuxiatu zen, Katalunian muga pasatuta. Hango gobernuak langileen konpainiak antolatu zituen hegoaldean zegoen gerratik ihes egiten zuten errefuxiatuekin —ez zuten jokabide abegikorrik izan haiekin—.
Alemaniarren kontrako Maginot lerroa eraikitzen ari zenean, naziek gidatutako armada Frantzian sartu zen 1940ko maiatzean eta orduan atxilotu zuten Bilbao. Presoentzako eremu normal batean eduki ondoren, Mauthausen eta Ebenseeko kontzentrazio esparruetan eduki zuten bost urtez, eta izugarrikeriak ikusi eta bizitu zituen.
Esperimentu toxikologiko batean parte hartzera behar zuten; 30etik 7k bakarrik biziraun zuten. Bilbaok kontzentrazio esparru horietatik bizirik ateratzea lortu zuen; 2014an hil zen, Frantzian.
Galparsorok bi fase bereizi zituen deportatuen aroan. Lehena, Bilbaoren gisara, 1936ko Gerratik ihes egin zutenak eta Maginot lerroa eraikitzen edo antzeko lanetan zebiltzanak. Euskal herritarrak ehun izan ziren; denak gizonak. Kontzentrazio esparruetan izan ziren lautik hiru euskal herritar hil ziren.
Bigarren fasea 1942 eta 1945 urteen artekoa izan zen, Alemaniak Sobietar Batasunari eraso egin ondorengoa. Ordura arte lozorroan zeuden komunistak erresistentzia antolatzen hasi ziren, baita beste erakunde batzuetako kideak ere. Horiek atxilotzen hasi ziren alemaniarrak, eta kontzentrazio eremuetara eramaten.
Han, lanean jartzen zituzten, nolabait “etekina” atera nahi zietela argitu zuen Galparsorok. Guztira 255 bat euskal herritar deportatu zituzten —horietatik hamar, emakumeak—. Gehiago atxilotu zituzten, baina batzuk bidean hil edo lan esklaburako erabili zituzten.
255 deportatu horietako bat Maddi Sansberro zen. Oiartzungo Berrondo baserrian jaio zen, 1895eko irailaren 22an. Bost senidetatik bigarrena izan zen. 1900 inguruan Senpere aldera alde egin zuten, amaren senideengana. Galparsorok onartu zuen Sansberroren gaztaroaz ezer gutxi dakitela, baina badakite 1918an Azkainen ezkondu zela ziburutar batekin. 1930an banandu ziren.
“Ipar Euskal Herrian bizi ziren arren, testuinguru hartan banatzea ez zen samurra izango”, gaineratu zuen Galparsorok. Pierre Nicolas uztariztarrarekin ezkondu zen gero, eta haren abizena hartu zuen. Sarako bizargina zen, eta Santinazio lepoan, Larrunerako trenaren joan-etorrian, Hotel Saint Ignace hartu zuten, Chez Nicolas izenekoa.
Joxe Mari Mitxelenak Izarraitz Villalucerekin batera ikertu zuen Sansberroren bizitza, Oiartzun urtekarirako, eta Sara inguruko hainbat herritar elkarrizketatu zituzten. Bananduta egon arren, komulgatzen saiatzen zen, baina apaizek uko egiten zioten. Lapurdi hegoaldeko solaskideek Sansberroren ausardia goraipatzen zuten.
Sareekin elkarlanean
Hotelarena ez da datu hutsala. 1940ko ekainean soldadu alemaniarrak Saran sartu ziren, eta Santinazio mugaren ondoan dagoenez, inguruak zaintzen ibiltzen ziren; hotelean soldaduak izaten zituzten. 1941ean alargundu zen Sansberro, eta urte berean Lucien seme adoptatua Uztaritzeko apaizgaitegira bidali zuen.
Hurrengo urtean erresistentzia antolatzen hasi ziren, tartean ORA (Armadaren Erresistentzia Erakundearen frantsesezko siglak). Soldaduen mugimenduak kontrolatzen zituen erakunde horrek eta britainiarrei pasatzen zieten informazioa. “Nabarmentzekoa da”, azaldu zuen Galparsorok, “Sansberro P2 agentea zela. Alegia, erakundeko liberatua zela, eta, gainera, tenienteorde gradua eman zioten”.
Saran zuen hoteletik aliatuekin kolaboratu zuen Sansberrok
1942ko ekainetik atxilotu zuten arte aritu zen muga pasatu nahi zuten soldaduak etxean hartzen. Bi urtez aritu zen horretan lanean, 1944ko ekainean atxilotu zuten arte, Marie-Jeanne Etxeberria lehengusuarekin batera.
“Normandiako Lehorreratzearekin batera, alemaniarrek fitxatuta zituzten susmagarri guztiak atxilotu zituzten, tartean Sansberro eta bere lehengusu Marie-Jeanne. Lapurdin beste 30 bat atxilotu zituzten. Hendaiako Villa Pardora eraman zituzten lehendabizi, gero Bordelera, eta handik Compiegnera eraman nahi zituzten, Parisetik ipar-ekialdera. Bertatik barreiatzen zituzten kontzentrazio esparruetara, baina aliatuek hartuta zuten dagoeneko ingurua”, azaldu zuen Galparsorok.
Tren fantasma esaten zitzaion konboian sartu zuten, Dachaura (Munich ingurura) bidaltzeko. Hiru eguneko bidaia behar zuena 58koan bilakatu zen. Dachaun 93869 preso zenbakia eman zioten, baina egun gutxi izan zuten bertan, gas ganberak hondatuta baitzeuden. Handik Neugammera eta gero Ravensbrueckera eraman zuten, emakumeentzako kontzentrazio esparrura.
La Ilusion elkarteko Florentino Mariñelarenak hitza hartu zuen, eta azaldu zuen esparrutik ihes egitea lortu zuela. «Hil zela jarri zuten paperetan, baina berriro harrapatu zuten», gaineratu zuen. La Ilusioneko kideak zehaztu zuenez, Sansberrok gutxienez dozena erdi bat sarerekin kolaboratu zuen Saran.
Ravensbruecketik Sachsenhausenera —Berlin ipar-ekialdean— eraman zuten, eta lan industrialera bideratu zuten. «Pertrix izeneko enpresan lanean aritzera behartu zuten. Linternak egiten zituzten, baita ibilgailu militarrentzako bateriak ere. Berun azidoa erabat kaltegarria zen desnutrizioa zuten pertsonentzat, baina berdin zitzaien», argitu zuen Galparsorok.
Beste 500 emakume izan zituzten preso. 1944ko azaroaren 13an hil zen Sansberro, data ofizialaren arabera. Frantzia eta AEBtako presidenteek aitortza egin zioten Oiartzunen jaiotakoari. Mort pour la France izendapena jaso zuen, Santinazio lepoan aliatuen alde egindako lanari esker.
Bihar omenaldia jasoko du bere jaioterrian. Modu horretan, Oiartzungo herriak zorra kitatuko du omenaldia merezi zuenarekin.