[Galeria] Maddi Sansberro gogoratu dute sorterrian
Sansberroren heriotzaren 78. urteurrenean, nazien kontzentrazio esparruetan eraildako oiartzuarra gogora ekarri dute dozenaka herritarrek.
Memoriak bizirik mantentzen dituela pertsonak demostratu dute gaur eguerdian Oiartzungo udaletxean. Bertan, Maria Josefa Maddi Sansberro Etxeberriak merezitako aitortza jaso du gaur eguerdian, aspaldi atzean utzitako sorterrian. Udal ordezkariek, La Ilusión elkarteko kideek, Sansberroren senideek, Maiana Belauntzaran biolin jotzaileak, Lartaungo Txistulariak-ek, eta Olarri dantza taldeak parte hartu dute omenaldian. Udaletxeko areto nagusia ekitaldia jarraitu nahi zuten dozenaka herritarrez bete da, denboran atzera bidaiatzeko, eta Sansberrori aitortza hunkigarria eskaintzeko helburuarekin.
Mikel Laboaren Txoria Txori lau haizetara zabaldu du lehenik Belauntzaranek. Ondoren, Olatz Mitxelenak hartu du omenaldia gidatzeko lekukoa. Gogoratu duenez, Sansberro 1944ko azaroaren 13an Alemaniako kontzentrazio eremuetan erail zuten. «Azaroaren 13a da, hain zuzen ere, Frantziako Errepublikak Sansberroren heriotza eguna izendatu zuen hori», adierazi du. Hori dela eta, haren heriotzaren 78. urteurrenean, udala osatzen duten bi alderdiek, kontsentsuz, Sansberro «oroitu eta aitortu» nahi izan dute.
Maria Jesus Amenabar La Ilusion elkarteko kidearen txanda iritsi da ondoren. Sansberroren bizitza eta ibilbidea gogora ekarri eta goraipatu ditu elkartekideak: non jaio zen, non ezkondu, erresistentzian egindako ibilbidea, kontzentrazio esparruetara egindako lehen bidaia, ihesaldia, eta kontzentrazio eremuetara azken bidaia. Hitza berreskuratzean, informazioa ezinbestekotzat jo du Mitxelenak oiartzuarraren «memoria berreskuratzeko eta aitortzeko». Gaurko ekitaldia La Ilusión elkarteak egindako proposamenetik sortu dela erantsi du.
Belauntzaranen bigarren interpretazioaren ondoren, Peio Larrañaga Sansberroren senideak jarraitu du omenaldiarekin. Hala ere, horren aurretik eskerrak eman nahi izan dizkio Mitxelenak Belauntzarani, «bizitza gogorraren hitzak doinu goxoez janzteagatik».
Larrañaga hunkituta agertu da udalak eta La Ilusionek haren izeba amonaren sorterrian antolatutako errekonozimenduarekin. Gehiegi luzatu gabe, eskerrak eman dizkie antolatzaileei zein bertaratutakoei, eta Mitxelenaren esku utzi du ekitaldia. Haren «hitzek historiari ohore» egiten diotela nabarmendu du Mitxelenak.
Azken txanda iritsi da. Jexux Leonet Oiartzungo alkateak Sansberrok bizitzan emandako pausuak gogora ekarri ditu, eta Oiartzungo eta oiartzuarren memoria historikoa berreskuratzeko egindako ahaleginak goraipatu ditu. Hala, senideen artean oroigarriak banatu aurretik, ondokoa erantsi du hautetsiak: «Memoria berreskuratzen eta gertatutakoa oroitzen eraiki nahi dugu bizikidetza».
Mokadu batekin bukatutzat eman dute gaurko ekitaldia bertaratutakoek. Ondokoa da aitortzak utzitako irudi sorta: