Webinarra: 'Alergiak dituzten pertsonentzako elikagaiak, erronka berriak'
Jardunaldia Zoom plataformaren bidez eskainiko dute hilaren 25ean. Elikagaien industriaren sektorean lan egiten duen edonork parte har dezake.
Elikagaiekiko alergien prebalentzia geroz eta handiagoa da mundu mailan. Hilaren 25ean, 10:00etatik 11:00k bitartean alergiak dituzten pertsonentzako elikagaiez eta horrek industriari eskaintzen dizkion aukera nahiz erronka berriez mintzatzeko webinarra egingo dute Zoom plataformaren bidez. Elikagaien industriaren sektorean lan egiten duen edozeini zuzenduta dago.
Saioa Oarsoaldea Garapen Agentziak antolatu du, Debegesa eta Tolosaldea Garatzen garapen agentziekin batera, Innobasqueren RIS3 Euskadi jardunaldien barruan. Premisa batetik abiatu dira jardunaldia martxan jartzeko: “Gaixotasun alergikoen prebalentzia nabarmen ari da hazten mundu osoan”.
Hori dela eta, webinarraren bidez nekazaritzako elikagaien arloan erronka eta aukera berriak identifikatzen saiatuko dira adituak, elikagaien industriaren sektorea “lurraldeko sektore liderren artean” kokatzeko helburuz. Izan ere, azken urteotan, sektoreko enpresen bilakaera pixkanaka hazten ari baita.
Elikagai “orekatu eta alergenorik gabekoak” nola lortzen diren erakutsiko dute jardunaldian, bai eta elikadura-katean zehar alergenoak hautemateko eta identifikatzeko protokoloak ere (plater prestatuak, zopa deshidratatuak, edari egokituak eta abar).
Interesdunek izena eman dezakete honako formulario honen bidez, edota mezua idatzi posta elektronikoz honako datu hauek zehaztuz: enpresaren izena, IFK, helbide elektronikoa, harremanetarako pertsona eta telefono zenbakia. Inskribatzeko epea hilaren 24ean bukatuko da.
