2022ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa abiatu du Lezoko Udalak
Herriko une edo toki kuttunak jasotzera deitu dituzte herritarrak, horiek lehiaketara aurkezteko. Irudiak bidaltzeko epea hilaren 26an bukatuko da.
2022ko egutegia lezoarren ekarpenekin osatu nahi du Lezoko Udalak. Horretarako lehiaketa antolatu du, honako gaiarekin: Lezoko toki edo une kuttunak. Hala, bidalitako argazki guztien artean (pertsona bakoitzak bost bidal ditzake gehienez), epaimahaiak hamabi aukeratuko ditu, bat hilabeteko. Gainera, egutegiaren azalerako hautatzen duten irudiak 200 euroko erosketa bonua irabaziko du, herriko komertzioetan erosketak egiteko. “Era honetan, herriko komertzioari bultzada bat ematen jarraitu nahi dugu”, adierazi du Jesus Mari Martiarena alkateak. Gaur aurkeztu dute iniziatiba alkateak berak eta Xanti Val Kultura teknikariak.
Argazkiak bidaltzeko epea hilaren 26an bukatuko dela jakinarazi dute udal iturrietatik. Horien entrega egiteko bi bide daude.
- Udalak Interneten egokitu duen gunearen bitartez (bertan egitasmoaren xehetasun guztiak daude).
- Donibane kaleko Kultura Sailean irudiak utzita, astegunetan 08:30etik 13:30era (paperean edo digitalean).
Argazkiek JPG edo PNG formatukoak behar dute izan, eta horizontalak. Irudi bakoitzak izenburua behar du, eta noizkoa den eta zer agertzen den deskribatu behar dute egileek, baita ahal bada kokapen zehatza zein den ere. Horik jaso ahala, udalaren aplikazioan jarriko dituzte. Gainera, inon argitaragabeak behar dute izan irudiek, eta horietan lehenengo edo erdiko planoan pertsonaren bat agertuko balitz, haren baimen esplizitua aurkeztu behar da; egileak izango du erantzukizuna edozein erreklamazioren aurrean.
“Oso iniziatiba polita iruditzen zaigu, urtean zehar irudi hauek gure etxe edo lantokian izango ditugulako”, nabarmendu du alkateak.
Epaimahaia argazkigintzarekin, artearen munduarekin edo komunikazio alorrarekin lotura duten pertsonek osatuko dute, eta haiek hartuko duten erabakia apelaezina izango da. Irabazleen berri udalaren webgunearen eta hedabideen bitartez emango dute (lehenago saridunekin harremanetan jarriko dira).