Pello Jauregi eta Labore Oarso, Oarsoarrak Euskararen Sarien jabe
Sari emate ekitaldia hilaren 26an egingo da, Errenteria-Oreretako Niessen aretoan. 19:00etan hasiko da, eta ekitaldi irekia da.
Pello Jauregi Etxaniz irakasle eta ikerlari antxotarrak, eta Labore Oarso kontsumo kooperatibak jasoko dituzte aurtengo Oarsoarrak Euskararen Sariak. Sari emate ekitaldia (irekia da, nahi duen oro joan daiteke, aforoa bete arte) Errenteria-Oreretako Niessen aretoan izango da hilaren 26an, 19:00etan hasita.
2010etik ematen ditu Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Oarsoarrak Euskararen Sariak. Epaimahaia eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatzen dute Mahai gainean izan dituzten proposamenak aztertu, eta Saria Jauregiri nahiz Laboreri ematea erabaki dute.
Pello Jauregik euskararen erabilera areagotzeko bideak jorratzen egindako lanagatik eta ezarritako oinarriengatik jasoko du saria. Labore Oarso, berriz, hasiera-hasieratik egitasmoa euskaraz sortu eta gerora ere hala garatzeagatik saritu dute, kontsumoa eta elikadura bezalako oinarrizko sektore batean euskaraz naturaltasunez aritzeko ezarri duen ereduari aitortza da saria.
Pello Jauregi
Pello Jauregi Etxaniz antxotarra da. Pedagogian lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean, eta Hezkuntza zientzietan doktore da Euskal Herriko Unibertsitatean. Irakasle eta ikerlaria da.
Euskararen erabilera handitzeko helburua duten Euskaraldia, Belarriprest eta Ahobizi kontzeptuen asmatzaile eta teorizatzailea ere bada. Soziolinguistika Klusterrak martxan jarri zuen Aldahitz ikerketaren zuzendaria da.
Urte luzez AEKn aritu ondotik, unibertsitateko ikerketan dihardu aspaldion. Hizkuntza ohiturak aldatu ahal izateko bideak aztertu ditu bere ikerketa taldearekin, baita aldaketa horiek martxan jartzeko metodologia praktiko bat sortu ere. Eusle metodologia da horren erakusle, baita Euskaraldiaren oinarrian dagoen 2016an Lasarten egindako Baietz 40 egun euskaraz herri-erronka ere.
Labore Oarso
2016an Oarsoaldean sortu eta Oiartzunen kokatutako kontsumo kooperatiba da Labore. Oarsoaldeko eta Euskal Herriko ekoizleen eta Oarsoaldeko kontsumitzaileen arteko aliantza da, bertako produktuak bertan kontsumituz, merkataritza eta harreman modu ezberdin bat helburu duena. Pertsonei eta haien osasunari garrantzi berezia ematen die Laborek. Tokikotasunari, gertukoari balioa ematean, euskara erdigunean jarri zuen Labore Oarsok eta euskaraz funtzionatu du eta funtzionatzen du erabat bere egunerokoan, bai ekoizleekiko harremanetan, bai bazkideekiko eta erosleekiko harremanetan ere. 1.000 bazkidetik gora ditu egun.
Eskualdeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak osatutako epaimahaiak sari emate ekitaldian parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak. Hilaren 26ko 19:00etan da, Errenteria-Oreretako Niessenen.