58 miloi euro pandemiaren ondorioei erantzun eta herritarrekin hartutako konpromisoak betetzeko
Arlo estrategiko guztien gastu programek gora egin dutela. Inbertsioetan, inoizko apustu sendoena egin du gobernu taldeak, %70aren igoerarekin.
58,1 miloi euroko aurrekontua aurkeztu du gobernu taldeak datorren ekitaldiari begira. Aurtengorako onartutakoa baino %5 altuagoa da—3.000.000 euro gehiago— aurrekontu proiektu hori, eta arlo estrategiko guztietan igoera proposatzen du.
Gaur aurkeztu dute abenduaren 15ean, urteko azken plenoak, aztertuko duen aurrekontu proiektua, Aizpea Otaegi alkateak, Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun zinegotziak eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak. Datorren ekitaldirako aurrekontuaren igoera nagusiki Foru Funtsaren berreskuratzeak eragin duela azaldu du Otaegik, baita arlo estrategiko guztien gastu programek gora egin dutela. Inbertsioetan, inoizko apustu sendoena egin du gobernu taldeak, %70aren igoerarekin.
Zuhurtzia ere aipatu du alkateak; hala jokatzeak, azken urteetan udalaren zorra kitatzen segitzeko parada eskaini baitie bere esanetan, “2018an genuen zorra 13,7 miloi eurokoa zen eta 2022ko aurrekontua 9,7 miloi euroko zorrarekin abiatuko dugu”. Zorra behera azken urteetan, eta aurrekontua gora. Horren atzean kudeaketa zuhurra dagoela esan du alkateak, prudentzia.
Aurrekontu proiektuak oraindik ere pandemiak sortzen jarraitzen duen ondorioei aurre egiteko baliatuko du udalak, baina baita agintaldi planeko konpromisoei erantzuteko, “horren erakusle da arlo estrategiko guztietan egin ditugun igoerak eta inbertsioan inoizko apusturik sendoena egin izana. Aurrekontu hauek, agintaldi planaren garpen osoa ahalbidetuko dute”.
Atalez atal, garrantzitsuenak diren arloak nabarmendu ditu ondoren Otaegik. Hala, Gizarte Zerbitzuen aldeko apustua mantenduko du gobernu taldeak; aurrekontu osoaren %10,66 bideratu dute arlo horretara, eta hirigintza proiektu nagusiak ere aipatu ditu: Pontikako garajeak 1.400.000 euro, Markolako estalpea 500.000 euro, Agustinetako Lanbide Sortzaileen poloa 960:0000 euro, Aita Donostia kaleko igogailua egiteko 455.000 euro, jubilatu egoitzetan obrak egiteko 200.000 euro, edota Fanderiako frontoiaren zorua berritzeko 50.000 euro. Halaber, beste hainbat proiekturen idazketa egiteko diru zatiak ere aurreikusten ditu aurrekontuak, tartean Gatañoko igogailuarena.
Ingurumenari lotuta, bestalde, LED argiteriaren aldeko apustuarekin jarraituko duela udalak azaldu du Otaegik, eta horretarako 190.000 euroko diru zatia aurreikusi dute aurrekontu proiektuan. Garajeetan elektrizitate puntua jartzeko 150.000 euro aurreikusi dituzte, auto elektrikoen kargarako. Kultura ere estrategikoa da gobernu taldearentzat, eta arlo horretan Lekuona kontsolidatzeko egitasmoak jaso dituzte, eta jaietarako diru zatiak berreskuratu, “ez dakigu zer gertatuko den, ospatzerik izango dugun edo nola, baina diru zati hori berreskuratu dugu”, esan du.
Hiri mantenuan Gabierrota pasealekua konpontzeko 372.000 euroko diru zatia aurreikusi dute. Langileen soldata igoera, garapen ekonomikoan tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko politiken partidak 500.000 euroan mantentzea, gazteentzako etxebizitza komunitarioa indartzeko partida handitzea, gazte foroa sortzeko partida berria, hezkuntza jardueretarako diru zatia igotzea eta ongi etorri programa martxan jartzeko partida sortzea, edota aniztasun arloan %0,7ra salto egin izana garapenerako lankidetzan agintaldi hasierako konpromisoa beteta aipatu ditu besteak beste.
Abenduaren 15ean aztertuko du plenoak, urteko azken saioan, aurrekontu proiektua; aurten ez bezala, beraz, urte hasieratik aurrekontua indarrean izango da —aurrekontua luzatuta aritu dira aurten martxoa-apirila arte—. Aurretik etxeko lanak egiten hasia da gobernu taldea ahalik eta kontsentsu handienarekin onartzeko aurrekontu proiektu hori. Oposizioari aurrekontu proiektua aurkeztu diote, eta bihar berriz, goiz osoko saioa egingo dute oposizioko kideei aurrekontuaren aurkezpena arloka egiteko.
Hilaren 22, 23 eta 24an batzordeetan modu espezifikoan aurrekontuaren gaineko lanketa egiteko aukera izango dute. Antolaketa batzordean aurrekontu proiektua diktaminatuko dute abenduaren 9an, eta datorren hilaren 10etik 14ra bitartean emendakinak aurkezteko epea zabalduko dute.
Azken hitza, abenduaren 15ean izango du plenoak.
Ondoko taulan, sail bakoitzari bideratutako aurrekontuaren portzentajea. Pertsonalaren gastuak txertatuta daude sail bakoitzean bestelakoekin batera, eta pertsonalarekin lotuta, Hiri Mantenua eta Trafikoa, garraioa, hiritarren babesa eta babes zibila dira langile gehien dituztenak.
Artxiboa |
0,57 |
Berdintasuna |
0,62 |
Idazkaritza |
0,63 |
Dibertsitatea |
0,69 |
Kontratazioa eta ondarea |
1,14 |
Liburutegia |
1,46 |
Alkatetza eta goi karguak |
1,61 |
Informatika |
1,69 |
Udal hizkuntza politika |
2,35 |
Kirolak |
2,37 |
Informazio gizartea eta herritarren partehartzea |
2,45 |
Hezkuntza eta gazteria |
2,46 |
Herri Arte Eskola |
3,01 |
Kultura |
4,51 |
Giza baliabideak |
4,56 |
Ingurumena |
5,67 |
Ogasuna eta garapen ekonomikoa |
8,21 |
Hirigintza |
9,42 |
Gizarte zerbitzuak |
10,66 |
Trafikoa, garraioa, hiritarren babesa eta babes zibila |
11,77 |
Hiri mantenua |
24,16 |