Elkarren ondoko hirugarren garaipena Gaizka Lopezentzat
Eskola Kiroleko piraguismoko hiru lehiatik hirutan urrea erdietsi du Pasaia Kayakeko palistak. Orain arteko emaitzarik onenak lortu ditu klubak.
Joan den larunbatean etxean izan ziren Pasaia Kayakeko palistak. Trintxerpeko dartsenak Gipuzkoako Eskola Kiroleko piraguismoko hirugarren eta azken jardunaldia hartu zuen, klub pasaitarreko Haurren kategorian Gaizka Lopezek elkarren ondoko hirugarren garaipena lortu zuelarik.
Hego Euskal Herri osoko kirolariek parte hartu zuten proban, ia 130 kirolari bildu zirelarik Trintxerpen Kimu eta Haurren kategorietan. Giro ederrean joan zen goiza, hasierako euria alde batera utzita, zaleak ere aski izan baitziren kaiaren inguruan.
Etxekoen pozgarri, pasaitarrek orain artean erdietsiriko emaitzarik oparoenak lortu zituzten azken saioan. Horien artean, aipatzekoa Lopezen hirugarren urrea; hiru lehiatik hiru irabazi ditu. B azpikategorian Oinatz Alonsok hirugarren bukatu zuen.
Kimu neskei dagokienez, Laura Entenza pasaitarrak estreinakoz zazpigarren postua lortu zuen, eta mutiletan Ander Garcia top-10ean sartu zen berriro, bederatzigarren postuarekin.
Taldekako sailkapenean, hirugarren izan zen berriz ere Pasaia Kayak, hurrenez hurren, Santiagotarrak eta Zumaiako Itxas-Gain taldeen atzetik. Hurrengo larunbatean Plentzian (Bizkaia) izango dute Haurrek aurtengo azken proba, Bizkaiko Eskola Kiroleko egitarauaren barne.