Musikaren patroi den Santa Zezilia egunaren karietara (hilak 22), kalera aterako dira soinujoleak Musikalean iniziatibari esker.
Santa Zezilia, musikaren patroi, egunaren karietara (hilak 22) Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak (EHME) beste behin ere musika kalera aterako du Musikalean iniziatibaren bidez.
EHMEari loturiko 66 musika eskolek hartuko dute parte aurtengo edizioan, hilaren 20tik (datorren larunbata) 26ra arte 2.000tik gora ikasle eta irakaslek kaleak doinuz josiko dituztelarik, jai giroan.
Parte hartuko duten musika taldeen artean egongo da Pasaia Musikal. Bi hitzordu dituzte: datorren larunbatean bertan 12:00etan arituko dira Trikitxixas taldearekin, eta ostegunean (hilak 25) 18:30etik aurrera Txistularis musikariekin. Taldeak Andonaegitik aterako dira, Trintxerpeko kale nagusiak musikaz blaituz.