Ekitaldietan, osasun segurtasun neurriak bete daitezela eskatu du udalak
Neurri horiek bete ezin direnean Udaltzaingoari abisua emateko eskatu du Izaskun Gomez alkateak. Jarduerak bertan behera uzteko eskumena du udalak.
Pasaiako Udalak, Izaskun Gomez alkatearen adierazpenekin, datozen egunetan ekitaldiak antolatu behar dituzten talde eta eragileei eskatu die osasun segurtasun neurriak bete ditzatela, COVID-19aren zabalkundea eteteko. Neurri horiek betetzeko arazoak daudenean, edo ezinezko denean, Udaltzaingoari “berehala” abisua eman dadila galdegin du udal buruak. Horrela, udalak, Udaltzaingoaren bitartez, jarduera hori bertan behera uzteko ahalmena izango luke. Hori guztia Pasaian jarduerak antolatzekoak diren eragileei jakinaraziko dietela azaldu du Gomezek.
COVID-19 kasuen gorakadaren harira egin ditu ohartarazpen horiek alkateak. Aste honetan bertan Osasun Sailak jakinarazi du 150eko tasa baino gehiago duten udalerrietan murrizketak ezarri behar direla, ekitaldi jendetsuetan fokua jarriz.
Edonola ere, herrian egitekoak diren ekitaldi jendetsuetan udaltzainen zaintza handituko dela jakinarazi du Gomezek.