[Galeria] Handia izan da XXIII. Ikuska
Larunbatean eman zituzten Pasaiako Badiako Nazioarteko Film Laburren Erakustaldiko sariak Trintxerpeko alkateordetzan. Maila handiko Ikuska izan da.
Larunbat arratsean jakinarazi zituzten Ikuskaren irabazleak zein izan diren, Trintxerpeko alkateordetzan egindako sari emateko ekitaldian. Trintxer Kulturalak eta Pasaiako Udalak elkarlanean antolatutako Pasaiako Badiako Nazioarteko Film Laburren Erakustaldiko sail ofizialerako 32 lan aukeratu zituzten epaimahaiko kideek, eta orotara, emanaldi guztien barruan, 65 izan dira proiektatu dituzten lanak; 3.000 film laburren artean egin zuten aurretik aukeraketa. Hala, aurtengo ikuska handia izan dela nabarmendu zuten larunbateko sari emateko ekitaldian.
Handitasun horren adierazle, Izaskun Gomezek alkateak sariak eman aurretik egindako hitzaurrea. “23 urte asko dira. Bide luzea egin du Ikuskak, bertako antolatzaileen ezinbesteko lana dago horren atzean. Lehen mailako kultur egitasmoa da Ikuska, eta aurten mugak hautsi ditugu”. Izan ere, sail ofizialeko emanaldiak Trintxerpen eta Donibanen egin badira ere, Mintzagun saileko (euskarako film laburrak) emanaldiak Oarsoaldeko beste herrietan ere egin direla pozarren azaldu zuen alkateak: “Eskerrak Ikuska posible egiten duten guztiei”.
Alkatearen hitzen ondotik, sarien banaketaren txanda izan zen. Ondokoa da 2021eko Ikuskaren palmaresa:
- Mintzagun saria (euskarazko film labur onenarena). Xanti Rodriguezen Ospel laburrari. Oarsoaldeko euskaltegietako kideek erabaki dute saria nori eman.
- Emakume aktore onenaren saria. Carmen Machiri, Borja Soler zuzendariaren Mindanao laburrean egindako lanagatik.
- Gizon aktore onenaren saria. Enric Juezasi, Cesar Tormo zuzendariaren Purasangre laburrean egindako lanagatik.
- Epaimahaiaren sari berezia. Flora lanari, Javier Kuhn zuzendariarena.
- Zuzendari onenaren saria. Will Niavari, Zoo lanagatik.
- Epaimahai gaztearen saria (Kutxakultur saria). Ignacio Lasierra zuzendariaren Parresia lanari.
- Film labur onenaren saria. Nicolas Neuhold-en Faleminderit lanari.
- Ikusleen saria. Raul de la Fuente zuzendariaren Woman lanari. Labur horrek Bekoz Beko elkartearen Emea eta Anitza saria irabazi zuen aldi berean.