Toxiko eta arriskutsuek ere badute euren lekua
Organikoaren gaikako bilketa areagotzea eta errefusa murriztea lehentasun da udalarentzat. Hondakinen Prebentziorako Europako Astea ospatuko dute gaurtik igandera.
Hondakinen Prebentziorako Europako Astea ospatuko dute gaurtik igandera arte, eta bat egin du Errenteriako Udalak. agerraldia egin dute horren harira gaur eguerdian, Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak, Bernar Lemos Trafiko eta Hiri Mantenu zinegotziak, Eli Murua EAJren bozeramaileak eta Joxean Marinazkoitia Herritarren Hondakin Taldekoa. Materia organikoaren gaikako bilketa areagotzea eta errefusa murriztea, hori udalaren helburu eta lehentasun astearen karietara. Halaber, gaur eta igandearen artean hainbat ekintza aurreikusi ditu Ferradasek, izan ere, astearen asmoa, hondakinen kudeaketarako eta baliabide iraunkorretarako sentsibilizazio jarduerak ezagutzera eman, sustatu eta ezartzea da. Hondakinak murrizteko Europan egiten den kanpainarik handiena da honakoa, eta bizi dugun larrialdi klimatikoarengain hondakinen kudeaketak duen eragina jarri nahi du agerian.
Hondakinena, epe luzerako kudeaketa dela nabarmendu du Ingurumen zinegotziak, “emaitzak ikusteko nahiko genukeena baino gehiago itxaron behar izaten dugu, baina bide horretan goaz, eta horretarako, esfortzu ekonomiko handia egiten ari da udala, 4,5 milioi euroko inbertsioa eginda”. Esfortzu horrek emaitzak ere baditu, desio baino mantsoago heltzen badira ere, birziklatze tasa %60-65 artekoa dela egun nabarmendu du. Bestalde udalak hainbat zerbitzu berri sortzen doala ekarri du gogora Ferradasek, eta arlo horretan tamaina handiko hondakinak aipatu ditu: “Urtea hasi zenetik 6.000 dei jaso ditu zerbitzuak, eta 4.000 zerbitzu eskaini altzariak eta tamaina handiko hondakinak jasotzeko”. Jasotako deien eta egindako zerbitzuen arteko aldeari erreparatu dio zinegotziak eta azaldu, deietako asko informazioa eskatzeko izaten direla, funtzionamenduaren gainean galdetzeko, eta besteak zerbitzua bera eskatzeko, “horiek 4.000 izan dira eta guztiei eman zaie erantzuna”.
Inbertsioekin eta zerbitzu berriak ezartzearekin batera, ezinbestekoa iruditzen zaio udalari kontzientziazio kanpainak egitea, “bide luze horretan ezinbestekoa iruditzen zaigu eta horregatik, aste honetan zehar etxe eta auzo konpostaren gaineko informazioa emango duten lau informazio mahai jarriko dira herrian barrena”. Zehazki, Galtzarabordako topoaren geltokiaren kanpoaldean, Pablo Iglesias kaleko geltokiaren kanpoaldean, Xabier Olaskoaga plazan, eta Diputazio plazan. Auzo konposta eta etxeko konposta iniziatiba herritarrek hondakinen zergetan %40eko hobaria ekarriko dietela erabiltzaileei 2022an nabarmendu du. Agustinak, Gaztaño, Fanderia eta Alaberga auzoetan daude auzo konposta guneak eta horietan izena eman daiteke oraindik.
Abenduaren 2tik 17ra berriz, edukiontzi marroiaren erabilera handitzeko kanpaina jarriko du martxan udalak, “karpak jarriko dira auzo ezberdinetan etxeko eta merkataritzako hondakinak modu egokian bereizteko beharraren gainean informazioa zabalduko zaie herritarrei, birziklatzeko ontzietan utzi aurretik”.
Hondakinen politikan beste urrats bat egin du udalak, eta horren berri ere gaur eman du. Izan ere, etxeko hondakin toxiko eta arriskutsuak jasotzeko panel edukiontzi bat ezarri du Aiako Harria kalean, Galtzarabordako tren geltokiaren kanpoko aldean. Geltoki hori omen da jende gehien biltzen duen puntua azaldu du Ferradasek, eta gainera goi aldeko auzoen eta erdialdekoen arteko lotune esanguratsua dela. Hondakin toxiko eta arriskutsu horiek gaika biltzeko esperientzia pilotua da eta astebete da martxan jarri zutela; pilak, kontsumo baxuko bonbillak, eskuko telefonoak eta horien kargagailuak, inprimagailuen tinta kartutxoak, eta CDak eraman daitezke bertara: “Edukiontzi grisera, errefusara botatzen diren hondakinen kopurua murriztea bilatzen dugu `panel edukiontziaren bidez”.
Hilabete batzuen ondoren izaten ari den harrera eta erabilera aztertuko du udalak, eta egokia bada, herriko beste bost puntuetara zabalduko du panel edukiontzi berria, “astebete da jarri genuela Aiako Harriko kalean eta jendea ongi erantzuten ari da, erabilera du”.
Hondakinen zerbitzu mugikorra ekarri dute gogora azkenik, aste osoan zehar herriko hainbat puntutan izaten dena, eta tamaina handiko hondakinen zerbitzuari erreparatu dio Lemosek. Herritarrek 943 34 13 45 telefono zenbakira deitu behar dute bilketa eguna, ordua eta lekua adosteko.